Gizartea
Terrorismoaren aurkako borroka
Espainiak alerta maila igo du Pariseko tiroketaren ostean
Erredakzioa
Orain arte alerta 2. maila altuan izan du, baina erasoaren ostean 3. maila ezarri du Exekutiboak. Hala ere, alarmarako arrazoirik ez dagoela esan du Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak.
-
Jorge Fernandez Diaz Barne ministroa. Argazkia: EFE
Terrorismoaren aurkako alerta maila igo du Barne Ministerioak Pariseko atentatuaren ostean. Horrela, azpiegitura garrantzitsuetan segurtasun neurriak areagotuko dituzte eta kaleetan Poliziaren presentzia handiagoa izango da aurrerantzean.
Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak azaldu duenez, orain arte alerta 2. maila altuan izan du Espainiak, baina erasoaren ostean 3. maila ezarri du. Hala ere, alarmarako arrazoirik ez dagoela esan du Fernandez Diazek, baina “neurririk ez hartzea arduragabekeria” izango litzatekeela erantsi du.
Horrela, 3. maila aldi baterako aktibatzen dutela azaldu du ministroak, ikerketak bukatu eta gertakariak argitu bitartean.
Nahiz eta terrorismoaren aurka borroka egiteko neurriak areagotu, Ministerioak arrisku handiagoa dagoela esateko datu objektibo berririk ez duela zehaztu du Fernandez Diazek. Mehatxua orokorra dela gaineratu du ministroak.
Eraso baten jomuga izan daitezkeen tokietan prebentzio eta zaintza lanak areagotuko dituzte segurtasun indarrek. Era berean, azpiegitura garrantzitsuetako sarrera mugatuko dute arduradunek.
Bestalde, Ertzaintzak bilera egingo du ostegun honetan, goizean, Barne Ministerioaren erabakia aztertzeko eta hartu beharreko segurtasun neurriak zehazteko, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak agiri batean jakitera eman duenez.
ra eman duenez.