Gizartea
Tiroketa Parisen
12 pertsona hil dituzte Frantziako aldizkari satiriko baten egoitzan
D.P. / I.G.
Hiru gizonezko beltzez jantzita eta kalashnikovak eskuetan hartuta sartu dira 'Charlie Hebdo' aldizkariaren egoitzan, eta tiroka hasi dira. Hildakoak 8 kazetari, bi polizia eta bi bisitari dira.
Gutxienez 12 pertsona (zortzi kazetari, bi polizia eta bi bisitari) hil dituzte Frantzian, Charlie Hebdo aldizkari satirikoaren egoitzan izandako tiroketa batean, bertako hedabideek jakinarazi dutenez. Horrez gain, beste hogei lagun zauritu dira; horietako lau egoera kritikoan daude. Hildakoen artean Stephane Charbonnier astekariko zuzendaria eta Cabu, Tignous eta Wolinski marrazkilariak daude. Horiez gain, Bernard Maris Frantziako Bankuko Kontseilu Nagusiko kidea ere hildakoen artean dago.
Antza denez, hiru gizonezko, beltzez jantzita eta Kalashnikov fusilak eskuetan hartuta, aldizkariaren egoitzan sartu, eta tiroka hasi dira. Atentatuaren egileek ibilgailu batean ihes egin dute. Ordu batzuk geroago, Parisko XIX. barrutian aurkitu dute ibilgailua, tiroketa izan den auzotik gertu. Kotxeak aurreko beira apurtuta zuen. Poliziaren ustez, erasotzaileek istripua izan dute. Polizia zientifikoak ibilgailua miatu du, erasotzaileak identifikatzen saiatzeko.
Bernard Cazeneuve Frantziako Barne ministroak baieztatu duenez, indar polizial guztiak mobilizatu dituzte Charlie Hebdo aldizkariaren kontrako atentatua egin duten "hiru kriminalak neutralizatzeko".
"Bitarteko guztiak martxan jarri dira" horiek atxilotzeko eta "egin duten ekintza ankerrak merezi duen zigorrarekin zigortzeko", adierazi du Cazeneuvek François Hollande Frantziako presidenteak deitutako premiazko bileraren amaieran. Gobernuko krisi taldearen buru jarri dute Barne ministroa eta operazio antiterrorista koordinatzeko egitekoa izango du.
Aldizkari horren egoitzaren ondoan lan egiten duen kazetari batek azaldu duenez, tiroketaren egileek "profeta mendekatuko dugu" oihukatu dute.
Sare sozialetan zabaldu diren zenbait bideotan, tiroka ari diren bi pertsona ikusten dira.
Erasoa izan den unean bertan, Charlie Hebdo aldizkariaren Twitterreko kontu ofizialean azken mezu bat bota dute. Estatu Islamikoaren buruzagia agertzen da mezu horretan, 'aizu, nire desiorik onenak' esaldiarekin batera.
Meilleurs v?ux, au fait. pic.twitter.com/a2JOhqJZJM
? Charlie Hebdo (@Charlie_Hebdo_) enero 7, 2015
Frantziako presidentea aldizkariko egoitzara joan da. Hollanderen hitzetan, "inolako zalantzarik gabe, gaurkoa atentatu terrorista bat" izan da.
"Euren ideiak defendatzen zituzten kazetarien aurkako erasoa izan da. Poliziak aldizkariko langileak babesten saiatu dira, baina modu koldar batean hil dituzte", deitoratu du.
"Antzeko ekintzak gerta daitezkeen toki ezberdinetan babesa bermatzeko", ministroek bilera egingo dute gaur eguerdian. Alerta maila gorenera igo du Gobernuak, atentatu gehiago izateko arriskua dela eta.
Tiroketaren egileak harrapatu eta justiziaren aurrera eramango dituztela esan du Hollandek, eta arratsaldeko agerraldian batasunerako deia egin du, indarkeriari aurre egiteko "arma onena" dela iritzita.
Aurretik ere, mehatxu eta erasoak jasan dituzte
Charlie Hebdo aldizkaria 1970. urtetik argitaratzen da Frantzian. Astean 50.000 ale banatzen dituzte. Aurretik ere mehatxuak eta erasoak pairatu dituzte aldizkari horretako langileek.
2006. urtean, Jyllands-Postenque Danimarkako egunkarian agertutako Mahomaren karikaturak erakutsi zituzten, eta horrek islamiarren haserrea piztu zuen munduko hainbat herrialdetan.
Philippe Val zen orduan zuzendaria. Lehen eta bigarren auzialdiko epaitegiek aldizkaria absolbitu zuten, karikaturek integristei, eta ez islamistei, eraso egiten ziela argudiatuz.
2011ko azaroan, sutea piztu zuten aldizkari horretako egoitzan, molotov koktelak jaurtiz. Bi urte geroago, web orria kolapsatu egin zuten.
Mongolia aldizkariak bat egin du Charlie Hebdo astekariarekin, eta bere web orrian Mahomaren karikatura bat erakutsiko duela iragarri du. "Ez gara kikilduko, adierazpen askatasuna islatzeko prest egon behar gara beti", adierazi dute.
Erreakzioak
Nazioarte mailan, Charlie Hebdo aldizkariaren aurkako atentatuak gaitzespen ugari eragin ditu.
Jean-Claude Juncker Europar Batzordeko presidentearen esanetan, gaurko erasoa "onartezina" da . "Europako herritarrak eta gizakiak garen heinean, denoi eragiten digun sarraskia da".
Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak, berriz, atentatua gaitzetsi du, eta "adierazpen eta prentsa askatasunaren" aurkako erasotzat jo du, "gizarte demokratikoaren bi oinarri horien aurkako erasoa" izan dela iritzita.
David Cameron lehen ministro britainiarrak atentatua gaitzetsi du eta gainera, prentsa askatasuna defendatu du. Azpimarratu duenez, Erresuma Batua Frantziaren ondoan egongo da terrorismoaren kontrako borrokan.
Vladimir Putin Errusiako presidenteak ere bortizki gaitzetsi du erasoa eta, terrorismoaren mehatxuaren kontrako borrokan, lankidetzan jarraitzeko gogoa berretsi du.
Ildo beretik mintzatu da Jens Stoltenberg NATOko idazkari nagusia ere eta gertaturikoa "ekintza basati eta prentsa askatasunaren kontrako eraso toleraezina" dela salatu du.
Etxe Zuriak "ahalik eta modu indartsuenean" gaitzetsi du atentatua. "Frantziako agintariekin elkarlanean aritzeko prest gaude, ikerketan laguntzeko xedearekin", adierazi dute bertatik.
Sameh Shukri Egiptoko Atzerri ministroak ere bortizki gaitzetsi du erasoa eta terrorismoarekin amaitzeko nazioarteko indarrek bat egitea eskatu du. "Terrrorismoa nazioarteko fenomenoa da eta horren helburuak munduko segurtasuna eta egonkortasuna dira", gaineratu du.
Mariano Rajoy Espainiako presidenteak ere gaitzetsi du tiroketa, eta "elkartasuna" eta "atsekabea" adierazi die frantziarrei. Gaur arratsaldean bilera egingo dute terrorismoaren aurka aritzen diren taldeetako agintariek, Madrilen, Jorge Fernandez Diaz Barne ministerioak deituta.
Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak premiazko bilera batera deitu ditu terrorismoaren kontrako borrokako arduradun nagusiak atentatua aztertzeko.
Eusko Jaurlaritzak ere atentatua gaitzetsi du eta "basati eta krudel" gisa jo ditu. "Mina, sufrimendua eta suntsipena soilik dakartzan fanatismoaren adierazpenik txarrena da", adierazi du. Gaineratu duenez, "bizitzarako eta askatasunerako eskubidearen kontrako eraso zuzena da, gizateriaren pilare nagusienetako bi direnen kontrakoa", hain zuzen ere.
Elkarretaratze jendetsua Parisen
Milaka pertsona bildu dira, Frantziako Kazetarien Sindikatu Nazionalak (SNJ) deituta, Pariseko Errepublika plazan, Charlie Hebdo aldizkari satirikoak jasan duen eraso terrorista salatzeko eta biktimei elkartasuna adierazteko.