Gizartea
Nafarroako egitasmoa
Indarkeria psikologikoa eta ekonomikoa delitutzat hartuko dituzte
Erredakzioa
Indarkeria matxistaren aurkako legea martxoan eramango dute Parlamentura, legeadia amaitu baino lehen onar dadin. Herritarrek urtarrilaren 17ra arte dute ekarpenak egiteko
Eraso psikologikoak eta ekonomikoak ere indarkeria matxistatzat hartuko ditu Nafarroako gobernuak, emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko Lege berriaren bitartez. Eraso fisiko edo sexualekin batera, emakumezkoari edota seme-alabei dirua ez ematea ere indarkeria matxistatzat hartuko dute.
Lege horren aurreproiektua gaur aurkeztu dute Iñigo Alli Gizarte Politikoetarako kontseilariak eta Teresa Nagora Familia eta Berdintasun Institutuko zuzendariak.
Herritarrek euren ekarpenak egiteko aukera izango dute urtarrilaren 17ra bitartean. Martxoan, Parlamentura eramango dute egitasmoa, legealdia amaitu aurretik onar dadin.
Genero indarkeriaren aurka egun indarrean dagoen legea 2002. urtean onartu zuten. Oraingoan ere, Nafarroa aitzindaria izango da indarkeria matxistaren aurkako araudietan.
Irailera arte, 836 salaketa jarri dituzte Nafarroan, iaz baino % 11,7 gehiago. Kontseilariak azpimarratu duenez, genero indarkeria salatu duten adingabeen kopuruak gora egin du azken urtean. Izan ere, salaketa guztien % 17k 18 eta 24 urte arteko gazteek jarri dituzte.
Legearen berrikuntzen artean, definizioa aldatzeaz gain, nazioarteko araudietan aipatzen diren indarkeria mota guztiak jasotzea izango da nagusiena. Besteak beste, bikotekideak edota bikotekide ohiak egindako erasoak, sexu-indarkeria, emakumeak hiltzea, neskak eta emakumeak saltzea, esplotazio sexuala, gazteak direnean ezkontzera behartzea edo ezkontza hitzartzea edota organoak moztea.
Emakumeen kontrako indarkeria izango da hobetsiko duen terminoa, eta gazteei zuzendutako atal berezia ere aurreikusi du Nafarroako gobernuak.
Erasotzaileak zigortzea, emakumeak babestea eta bereiziki prebentzioa ditu helburu.