Itxi

Gizartea

Protesta

Mobilizazioak deitu dituzte datorren astearterako Ertzaintzan

Erredakzioa

Segurtasun sailak “ezarritako” lan-sistema salatzeko deitu dituzte mobilizazioak. Segurtasun sailak bestalde, sindikatuen jarrera kritikatu du.

Ertzaintzan ordezkaritza duten sindikatuek mobilizazioak deitu dituzte datorren astearterako Gasteizen, Segurtasun sailak “ezarritako” lan-sistema salatzeko. Sindikatuen aburuz, “sistema horren helburu bakarra ekonomizatzea eta soldatak murriztea da, zerbitzu okerrago baten truke”.

ErNE, Esan, ELA, Sipe eta Euspel sindikatuetako ordezkariek prentsaurrekoa eman dute gaur eta Ertzaintzan bizi den “egoera larria” salatu dute. “Segurtasun sailak Ertzaintzaren 2016 Ortzimuga plan estrategikoa negoziazio eta akordio gabe ezarri izanak sorrarazi du egoera hori”, adierazi dute.

“Segurtasun sailaren planari mugikortasun geografikoa eta funtzionala eta komisarien itxiera jasotzeaz gain, lan-egutegi berri baten ezarpena eta 2010etik murriztuta ditugun eskubideak berreskuratzeko akordio berririk nahi ez izatea gehitu behar zaizkio”, salatu dute sindikatuetako ordezkariek.

Lehendakaritza aurrean bilkura egingo dute asteartean. Horrez gain, negoziazio mahaietan ere ez dute parte hartuko, soldatarekin, antzinatasunarekin edo osagarriekin lotutako “lehentasunezko gaiak” kontuan hartu ezean.

“Mahai gainean jarri behar dugu 2016 Ortzimuga plan estrategikoa geldiaraztea eta horren negoziazioa.  Lanpostuen negoziazioa eta Administrazioak deuseztatutako eskubideen berreskuratzea ere aztertu behar dira”, diote sindikatuek.

“Negoziaketarako benetako materiala” ez duten bileretan parte ez hartzea erabaki dute sindikatuek. Ertzaintzaren ordezkarien % 51aren babesik ez duen akordiorik ez sinatzea ere erabaki dute.

Segurtasun sailaren kritikak

Segurtasun sailak bestalde, sindikatuen jarrera kritikatu du prentsa ohar bidez, eta “negoziaketarako duten borondate eza” salatu du.

“Elkarrizketarako giro atsegina sortzen saiatu gara, baina zentralek nahiago izan dute negoziazio-mahaia prentsaurreko batek ematen duen oihartzunarengatik ordezkatu”, azpimarratu du sailak oharrean.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Ertzaintza