Gizartea
Azkunari aitortza
Bilboko Alondegiari Iñaki Azkuna izena jarriko diote
Erredakzioa
Ibon Areso Bilboko alkatearen iritziz, Alondegia da Azkunaren kudeaketari zuzenki lotuta dauden proiektuen artetik 'garrantitzuena eta kuttunena' eta, horregatik, erabaki dute izena aldatzea.
-
Aurrerantzean Bilboko Alondegiak Iñaki Azkuna zentroa izango da. Argazkia: EiTB
Bilboko Alondegiari Iñaki Azkuna izena jarriko diote, 2014ko martxoan hil zen Bilboko alkatearen omenez.
Ibon Areso egungo Bilboko alkateak gaur iragarri du albistea, udaletxean egin duten ohiko osoko bilkuraren amaieran.
Alkatearen iritziz, Alondegia da Azkunaren kudeaketari lotuta dauden proiektuen artetik "garrantzitsuena eta kuttunena" eta, horregatik, erabaki dute Bilboko Alondegiaren izena aldatzea.
Bilboko Alondegia Philippe Starck frantziarrak diseinatu zuen eta Azkunak inauguratu zuen 2010eko maiatzaren 18an. Bilboko Alondegia, antzina, ardo biltegia zegoen tokian eraiki zuten eta, guztira, 9 urte eta 71 milioi euro behar izan zituzten lanak bukatzeko.
Abenduaren 4an, PSE-EEk Bilboko Alondegiari Iñaki Azkuna izena jartzea proposatu zuen; hala ere, Alfosno Gil PSE-EEk Bilboko Udalean duen bozeramaileak gaur aitortu duenez, Aresok asmo bera zuela jakin izan balu ez zuen proposamena egingo.
Iñaki Azkuna hil ondorengo egunetan, alkate ohiari kale bat emateko aldarriak entzun ziren kalean eta Plaza Biribilari haren izena ematea ere aipatu zen.
Aresok azaldu duenez, Azkuna ez zen kaleei izena aldatzearen aldekoa eta hura hil eta gutxira, Aresok Bilboko Alondegiari Azkunaren izena emateko proposamena egin zien haren senideei "haren gertukoek onartzen ez zuten zerbait egin aurretik".
Geroago, Lourdes Fernandez Bilboko Alondegiko zuzendariari jakinarazi zion gaia papergintzan edo kartelgintzan "alferrikako gasturik" ez egiteko eta, ondoren, Udaleko alderdi politikoei jakinarazi zien proposamen zehatz bat egingo zuela.
"Ondoren etorri zen PSE-EEren prentsaurrekoa. Ez dakit kasualitateetan sinisten dudan ala ez", gaineratu du.