Itxi

Gizartea

Noos auzia

Fiskaltzak 19 urteko espetxe-zigorra eskatu du Iñaki Urdangarinentzat

Erredakzioa

Cristina infanta errugabe jo du, baina 587.413 euro eskatuko dizkio. Urdangarini 3,5 milioi euroko isuna jartzea eskatu du Horrachek.

1:30

Pedro Horrach Ustelkeriaren kontrako fiskalak 19 urte eta sei hilabeteko kartzelaldia eta 3,5 milioiko isuna ezartzea eskatu du Iñaki Urdangarinentzat Noos auzia dela eta, ustelkeria, iruzur fiskala eta dirua zuritzea leporatuta.

Jose Castro epaileari igorritako 576 orrialdeko idazkian, fiskalak 14 pertsona epaitzea eskatu du; Urdangarin eta Diego Torres Noos Institutuko bazkide nagusiak; Ana Maria Tejeiro, Torresen emaztea (entitatearen arduraduna), eta Marco Antonio Tejeiro (Torresen koinatua), kontulari lanak egiten zituena, besteak beste.

Urdangarinentzat 6 urteko espetxe-zigorra eskatu du lehiaketa publikoetan bidegabe jarduteagatik, hainbat alditan prebarikatzeagatik, eta agiri publikoak eta merkataritza-agiriak faltsutzeagatik; 2 urtekoa, Administrazioari iruzur egiteagatik; 3,5 urtekoa, lehiaketa publikoan iruzur egiteagatik; 6 urtekoa, Ogasunaren kontrako delituengatik, eta 2koa, dirua zuritzeagatik.

Gainera, Cristina infantak eta Urdangarinek 587.413 euroko fidantza ordaintzea eskatu du Horrachek . Torresen emazteak, Ana Maria Tejeirok, 1.144.240 euro ordaindu beharko ditu, bere senarrak ustez egindako delituengatik.

Infantaren auzia artxibatzeko eskaria

Felipe VI.a erregearen arrebaren kasuan, Ustelkeriaren kontrako Fiskaltzak ez du deliturik atzeman, baina adierazi du Urdangarinek ustez bidegabe lortutako dirua bere onurarako erabili duela. Urdangarinek sozietate-sarearen bidez egin omen zuen iruzurra; Aizoon sare horretako ‘estalkiaren’ bidez, hain zuzen ere.

Horren ildotik, fiskalak infantaren auzia artxibatzea eskatu du, “susmoetan” eta “jakin ahal izan zuen” esaldi “ahuletan” oinarrituta akusatu dutelako, eta horrek, fiskalaren ustez, “babesik gabe” utzi du infanta.

Fiskaltzak Balearretako Probintzia Auzitegiaren kontra egin du, aurreko hilabetean infantaren auzipetzea baieztatzeagatik, Ogasun Publikoaren kontrako delituak leporatuta. Horrachen arabera, auzitegiak “noraezean interpretatu du”; izan ere, Jose Castro epaileak eta Auzitegiak gertakari horiengatik infanta ez inputatzea erabaki zuten 2012an, eta, oraingoan, ateak zabalik utzi dituzte akusatuen aulkian eser dadin.

11 urte Matasentzat

Bestalde, Jaume Matas Balearretako presidente ohiarentzat 11 urteko espetxe-zigorra eskatu du fiskalak. Ustelkeria delituak egotzi dizkio eta, horien bitartez, 2,5 milioi euro Noos Institutura bideratu zituela esan du Fiskaltzak.

Horrez gain, Mercedes Coghen Madrilgo hautagaitza olinpikoaren kontseilari ohiarentzat 6,5 urteko espetxe-zigorra eskatu du. Iñaki Urdangarinen Fdcis elkarteari 114.000 euro ematea leporatu dio fiskalak Cogheni.

Valentziako Erkidegoko lau kargudun ohiren aurka 6 eta 8 urte arteko zigorra eskatu du Horrachek. 3,5 milioi euro Noos Institutura bideratzea egozten die fiskalak. Alfonso Grau Valentziako alkateordea errugabetu du Fiskaltzak.

"Hilketa mailako delitua"

Mario Pascual Vives Iñaki Urdangarinen abokatuak esan du Fiskaltzak “urte gehiegi” eskatu dituela Urdangarinentzat. “Odol delitua egin duela ematen du, hilketa baten tamainako eskaera da hori”, gaineratu du.

Espetxera ez joateko hitzarmena sinatzea aurreikusten duten galdetu diote kazetariek, baina Pascualek esan du ez dela gai “etorkizuna aurreikusteko”. Hala ere, Fiskaltzak eskatutako diru-kopuruari gehiegizko iritzi dio, eta Urdangarinek ez duela Fiskaltzak eskatutako diru-kopurua aurreratu du.

Infantak 'berehala' ordainduko du

Fiskaltzak eskatutako 600.000 euroak "berehala" ordainduko ditu Cristina infantak, gaur Miquel Roca horren abokatuak baieztatu duenez.

Bartzelonako bere bulegoko sarreran erantzun die Rocak kazetarien galderei. Horren ustez, infantaren aurkako salaketa "artxibatu" egingo da.

Cristina infantak Fiskaltzak eskatu dion diru-kopurua ordainduko du auzitegian, "erantzukizun zibila garbitzeko asmoz".