Itxi

Gizartea

Astelehen beltza

Bi emakume eta gizon bat hil dituzte, indarkeria matxistaren ondorioz

Erredakzioa

Astelehen honetan hiru eraso izan dira. Hiru hildakoez gain, emakume bat zauritu dute, eta ustezko bi erasotzailek beren buruaz beste egin dute.

Bi emakume eta gizon bat erail eta emakume bat zauritu dute astelehen honetan, indarkeria matxistaren ustezko hiru kasutan. Bilbon, Valladoliden eta Paternan (Valentzian) izan dira erasoak, eta hiru eraso horietako ustezko bi erasotzailek beren buruaz beste egin dute ondoren.

Lehen erasoa Valladoliden izan da. Bi lagun (emakume bat eta gizon bat) hilda agertu dira etxebizitza batean, arma zuriz egindako eraso baten ondorioz. Emakumearen bikotekide ohiak, 48 urteko gizonak, bere gain hartu ditu hilketak, eta Poliziak atxilotu egin du. Lau urteko alaba zuten. Atxilotuak aurretik hainbat salaketa zituen bere kontra, indarkeria matxistagatik, eta urruntze agindua ere izan zuen 2009 eta 2013 bitartean.

Bigarren kasua Bilbon izan da. Ustez, gizonezko batek bere bikotekide ohia zauritu du lepoan, eta, ondoren, bere buruaz beste egin du.

Azkenik, Paternan (Valentzia) 37 urteko gizonezko batek ustez bere bikotekideari tiro egin dio; ondorioz, emakumea hil egin da. Gizonezkoak, ondoren, bere buruaz beste egin omen du, etxebizitzan bertan. Bi seme-alabekin batera bizi ziren bertan, Poliziak argitu duenez.