Itxi

Gizartea

Noos auzia

Fiskaltzak 20 urte arteko espetxe-zigorra eskatuko du Urdangarinentzat

Erredakzioa

Cristina infanta, berriz, ez du akusatuko, baina 600.000 euroko bermea eskatuko dio, senarrak Aizoonen bitartez legez kontra lortutako diruagatik.

1:37

Ustelkeriaren kontrako Fiskaltzak 100 urtetik gorako espetxe zigorrak eskatuko ditu astearte honetan Noos auziko akusatuentzat. 100 urtetik gorako eskaera horietatik, 18 eta 20 urte arteko zigorra eskatuko du Iñaki Urdangarinentzat, eta beste 17 urteko espetxe-zigorra, berriz, Diego Torresentzat.Biei egotzi die Fiskaltzak diru-publikoa bideratzeko sarea eraiki izana eta horren bidez legez kontra 5,9 milioi euro lortu izana, iturri judizialek Europa Press agentziari emandako datuen arabera.

Iturri horiek zehaztu dutenez, Ministerio Publikoak 600.000 euroko bermea eskatuko dio Cristina infantari, senarrak Aizoonen bitartez legez kontra lortutako diruagatik.

Ana Maria Tejeiro Torresen emazteari ere milioi bat euro inguruko bermea eskatuko dio, senarrak ustez iruzur egindako diruagatik. Hauexek dira Pedro Horrach fiskalak astearte honetan egingo dituen eskaera nagusiak.

Hain zuzen ere, 500 orriko idatzia aurkeztuko du fiskalak Palmako auzitegian, eta bertan auzian inputatuta dauden 20 lagunetatik 14 akusatuko ditu.

Azken orduan Urdangarinek eta Torresek beren eskaerak murriztea lor dezakete, ustez Balearretan, Valentzian eta Madrilen iruzur egindako dirua itzuli eta horren erantzule egingo balira.

Infanta

Cristina infantari dagokionez, Ustelkeriaren Kontrako Fiskaltzak uste du ez dagoela delitu-zantzurik; edonola ere, fiskaltzak dio Urdangarinek ustez iruzur bidez lortutako diruari etekin atera ziola infantak Aizoonen bidez. Litekeena da Manos Libresek bakarrik akusatzea infanta, eta, dagoeneko aurreratu bezala, 8 urteko espetxe-zigorra eskatuko dute. Manos Limpiasena akusazio bakarra baldin bada, Castro epaileak erabaki beharko du ahozko epaiketaren hasierarako autoan akusatu moduan sartzen duen infanta, ala ‘’Botin doktrina’’ aplikatzen duen.

Matas

Balearretako eremuan, Jaume Matas Governeko presidente ohiarentzat izango da zigor-eskaera handienetako bat, Fiskaltzak 10 eta 12 urte arteko espetxe-zigorra eskatuko baitu harentzat.

Ahozko epaiketa

Behin akusazioaren idatziak aurkeztuta, epaileak ahozko epaiketa abiatzeko autoa kaleratuko du, eta han zehaztuko du nortzuk jesarriko dira akusatuen aulkian.