Itxi

Gizartea

A-25 elkarrizketak

'Indarkeriaren % 80 isilpean dago; tratu txarren % 20 salatzen dira'

Iker Gómez / eitb.eus

Juana Balmaseda abokatuaren hitzetan, tratu txarrak pairatu dituen biktima baten "benetako erronka" erasotzailearekin apurtzearekin batera dator.

  • Juana Balmaseda abokatua. EITB.

    Juana Balmaseda abokatua. EITB.

- Krisi ekonomikoaren eraginez, biktima askok salaketa ez jartzea erabakitzen dute, aurreko astean ezagutu genuen txosten baten arabera…

Zalantzarik gabe, bizi dugun egoerak pertsona asko baldintzatzen ditu, salaketa bat jarri ala ez erabakitzeko. Orokorrean, txirotze prozesu bat pairatu dute familiek, eta horrek eragina izan du epaitegietara jotzeko ere. Egia da, gertatzen da, baina beste elementu bat besterik ez da. Horrez gain, krisiaren eraginak emakumezkoak kolpatu ditu gehienbat; horretaz ari gara pobreziaren “feminizazioaz” hitz egiten dugunean.  Horri emakumezkoek euren bikotekideen dependentzia ekonomikoa dutela ere gehitu behar diogu.

- Euskadik orain bederatzi urte onartu zuen Genero Indarkeriaren Legea. Zertan nabaritu da Lege horren eragina?

Salaketa kopuruak gora egin du, eta gero eta babes-agindu gehiago eskatzen dira auzitegietan. Horrez gain, salaketa jartzera animatzen diren biktima gehienek, % 85, bikotekidearekin eten egiten dute ondoren. Hori ez da aurretik gertatu izan. Salaketa ez da prozesuaren nukleo zentrala: banaketarako pausoa da, baina, arrazoi asko direla medio, banaketa ez da beti gertatzen. Orain, egia da lehen baino baliabide gehiago dauzkagula. Baina lehen harremana apurtzen ez zuten emakume askok orain bai egiten dute. Salaketa jartzeaz gain, erasotzailearekin harremana eten egiten dute.

- Oinarrizkoa ematen du horrek…

Bai, baina ez da beti gertatzen. Izan ere, etxetik alde egin eta bikotekidearekin harremana apurtzen duenean hasten da biktimarentzat benetako arriskua. Erasotzailearengandik urruntzea erabakitzen duenean, alegia. Une horretan, dauzkagun baliabideak modu zorrotzenean aplikatu behar ditugu.

- Zenbat indarkeria kasu ez dira azaleratzen?

Salatzen diren indarkeria kasuak gutxienak dira. Biolentzia gehiena ezkutuan dago, ez da salatzen. Datuen arabera, tratu txarrak jasotzen dituzten emakumeen % 20k bakarrik jotzen dute epaitegietara. Gainerako % 80ek ez dituzte tratu txarrak salatzen. Isilpean indarkeria asko eta asko dago. Askotan, inguruan dauden pertsonek indarkeria egon litekeela susmatzen duten arren, ez dira alor pribatura salto egitera ausartzen. Gure artean, ohikoa da hori. Baina horrek eragina dauka gero hartu behar diren neurriak erabakitzeko orduan. Askotan ez datoz errealitatearekin bat, jasotako datuak ere ez direlako errealak.

- Zein esparrutan jarri behar dira orain indarrak?

 

Prebentzioan, tratamenduan eta kalte-ordainen alorretan. Prebentzioari dagokionez, bitartekoak handitu behar dira. Ezin dugu onartu adingabeen eta gazteen artean tratu txarrak gertatzea. Eta, horrez gain, adingabeak ere tratu txarrak egiten dituenaren etxe berean daude, tratu txar horien biktima zuzenak dira, ez albokoak. Eta hori ez da beti onartzen. Senar txarra den arren aita ona dela esatea gezur hutsa da. Tratu txarrak egiteko gai bada, aita kaskarra ere izango da, ez dago zalantzarik.

Bestalde, Euskadin bitarteko asko daude, gauzak diren bezala. Eta konponketaren esparruan, tratu txarra berriz errepikatuko ez dela ziurtatu behar dugu. Ez dugu sozialki onartu behar, ezta modu indibidualean ere. Biktima batzuekin lan handia egin behar da gero. Gizartean sartuta dagoen eredu matxistaren aurka borrokatu beharko dugu. Eredu hori erakundeetan ere badago, gizartearen alor guztietan, alegia. Pertsona guztien burmuinean dago, baita erabakiak hartzen dituzten pertsonen buruetan ere.

- Zer pauso eman behar ditu emakume batek salaketa jartzeko?

Lehenengo eta behin, aholkularitza-zerbitzuetara jo beharko luke, ahal badu behintzat. Jakina da batzuetan egoera jakin batek biktima jarraian salatzera bultzatzen duela. Baina, aukera baldin badago, onena adituren batengana jotzea litzateke. Gizarte zerbitzuetara jo beharko luke, eta bertan gertatutakoa azaldu. Ondoren, lege-aholkularitza litzateke pausorik onena. Bestela, larrialdiko egoera bat baldin bada, Ertzaintzaren aurrean jarri beharko du salaketa. Bertan, ofiziozko abokatu batekin hitz egingo du, salaketa aurkeztu aurretik. Horrez gain, babes-agindua ere bertan eskatu ahalko du. Ondoren, auzia epaitegira iritsiko da, eta bertara deituko dituzte bai biktima eta baita erasotzailea ere. Baliteke erasotzailea zigortzea, baina tramitea luzatzen bada, epaileari babes-agindua eskatzea ere badu. Hala ere, epaileak baloratu beharko du agindu hori ematea komeni den, biktimaren bizitza arriskuan dagoen ala ez aztertu ondoren. Beste aholku bat: eraso fisiko bat gertatu baldin bada, medikuarengana joan Ertzaintzarenera jo aurretik. Medikuaren agiria elementu objektibo bat izango da epailearentzat erabakia hartzerakoan.

Urruntze agindua, neurri eraginkorra al da?

Zoritxarrez, neurriek biktimengan pisu handia izaten dute. Urruntze aginduaren kasuan, gizonezkoa askok betetzen dute: beste askok, ordea, ez. Askotan zaila da neurriak martxan jartzea eta batzuetan neurri gogorragoak ezartzen dira; eskumutur telematikoak, esaterako. Baina neurri horiek guztiak oso astunak eta gogaikarriak dira biktimentzat. Arazo asko sortzen dituzte, eta erasotzailearengandik ez direla inoiz libratuko uste izaten dute. Neurririk seguruena espetxealdia da, baina horretarako salatutako delitua larria izan behar da. Lanean jarraitu behar dugu, biktimari ahalik eta kalte gutxien egingo dieten neurriak hartzeko.