Gizartea
Laguntza sozialak
Laguntzak itzultzea ez eskatzea errefusatu du Legebiltzarrak
Erredakzioa
Lanbidek diru-laguntzak itzultzea eskatu die 10.000 pertsonari, gehiegizkoak izan direlakoan.
Eusko Legebiltzarrak ez du errefusatu Eusko Jaurlaritzak gehiegizko diru laguntza sozialak eman zizkienei kopuru horiek itzultzea eskatzea.
Irailaren amaieratik, Lanbidek gutunak igorri zizkien Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren 10.000 hartzaileri. Horietan, gehiegizko diru-laguntzak eman zizkiela ohartarazten zituen, eta dirua itzultzea eskatzen zien.
Hori horrela, EH Bilduk eta PSE-EEk testu bat aurkeztu dute Eusko Legebiltzarrean, Eusko Jaurlaritzari kopuru horiek ez eskatzeko deia egiteko. Ganberak, baina, errefusatu egin du, EAJk eta PPk aurka bozkatu baitute.
Testuak, gainera, gehiegizko diru-laguntzak eman izana Lanbideren akatsa izan zela argitzeko eskatzen zion Gasteizko Gobernuari, hartzaileek iruzur egin ez dutela argi gera dadin.
Berriro ere, laguntza sozialen aferak polemika piztu du Eusko Legebiltzarrean.
Hori horrela, Belen Arrondok (EH Bildu) hartzaileak "susmopean" jarri izana leporatu dio Jaurlaritzari.
Txaro Sarasuak (PSE-EE) "laguntza sozialei esker jatekoa duen 6 urteko ume bati" zer esango liokeen galdetu dio Gasteizko Gobernuri, 6.000 euro itzultzea eskatuko balio.
Amaia Arregiren (EAJ) esanetan, eztabaida hauekin "babes sozialeko sistema murriztu nahi dutenak baino ez dira pozten".
Laura Garridok (PP) Jaurlaritzaren alde egin du, eta "egoerak behartuta" eskatu dutela dirua itzultzea argudiatu du.
Gorka Maneirok (UPyD) ordainketen itzuleraren ondorioak "leuntzeko" neurriak eskatu ditu.