Bilera Madrilen
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Hodei Egiluz bilatzeko 'baliabide guztiak' eskaini ditu Rajoyk

Hodei Egiluzen familiari babesa adierazteko adierazpen instituzionala onartu du Senatuak, eta gazte galdakoztarra bilatzen jarraitzeko eskatu die Belgikako agintariei eta Europoli.
18:00 - 20:00
Hodei Egiluzen aita Mariano Rajoyrekin bildu da

Hodei Egiluz duela urtebete Amberesen (Belgika) desagertutako gazte bizkaitarra bilatzeko “ahal duen guztia” egiteko konpromisoa hartu du Mariano Rajoy Gobernuko presidenteak. Buruzagia gaztearen aitarekin bildu da arratsaldean, Senatuan. Ordubeteko bilera izan da.

Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak eta Exekutiboko presidenteak Pablo Egiluz hartu dute, Senatuko kontrol saioan parte hartu eta gero. Gaztearen aitak azaldu duenez, Hodei bilatzeko Gobernuaren esfortzua agindu die Rajoyk.

“Euren esku duten guztia egingo dute. Belgikako agintariekin harremanetan jarriko dira eta gaia jorratuko dute”, azaldu du gaztearen aitak. Zentzu horretan, presidentearen arreta eskertu du Pablo Egiluzek.

Pablo Egiluz Rajoyrekin bildu da lehendabizi, eta ondoren talde politiko guztietako ordezkariekin bilerak izan ditu. Era berean, Ibon Uribe Galdakaoko alkatea Senatuan izan da. Babes guztia eskertu du Uribek.

“Bereziki, presidenteari eskerrak eman nahi dizkiogu, hurbil sentitu dugulako eta Hodei bilatzeko eskuan duen guztia egiteko eskaintzan sinesten dugu”, erantsi du.

Adierazpen instituzionala

Bestalde, Hodei Egiluzen familiari babesa adierazteko adierazpen instituzionala onartu du Senatuak arratsalde honetan, eta gazte galdakoztarra bilatzen jarraitzeko eskatu die Belgikako agintariei eta Europoli.

23 urteko gaztea joan den urteko urriaren 19an desagertu zen Anbereseko hirigunean. Poliziak Hodeiren sakelako telefonoa, kreditu txartelak eta dokumentazioa zeramatzaten gaizkile batzuk atxilotu zituen, baina ezin izan du gertatutako argitu eta ez du Hodei aurkitzeko arrastorik topatu.

Gauzak horrela, Senatuak “elkartasuna eta babesa” helarazi nahi izan dio familiari eta, eskura dituen bitartekoak erabilita, Hodei bilatzeko borondatea agertu du.

Belgikako agintariei oro har, eta Anberesekoei bereziki, orain arte egindako lana eskatu die, baina Hodei aurkitzeko ahaleginari eusteko eskatu die, Europolekin eta Europako gainerako poliziekin elkarlanean arituz.

Horrez gain, Senatuak Europar Batasuneko estatu-kideei dei egin die delituen biktimen babeserako eta haien eskubideak bermatzeko araudiak berritzeko.

Ildo berean, hezkuntzaz arduratzen diren agintariei ere zuzendu zaie Senatua, horrelako gertakariak saihesteko asmoz, atzerrira truke-programen bidez joaten diren gazteak trebatzea ezinbestekoa dela esateko.

Amaitzeko, Senatuak 2013an ustez arrazoirik gabe desagertu diren pertsonen kasuak aztertzeko burutu zuten ikerketaren ondorioak berretsi egin dituzte.

Gaur onartutako adierazpen instituzionala hainbat erakundetara igorriko dute, tartean, Anbereseko Udaletxera; Flandriako Parlamentura; Belgikako Presidentziara, Barne Ministeriora eta Senatura; Belgikako Poliziaren Zuzendaritza Nagusira; Europolera eta Europako Parlamentura.

Albiste gehiago gizartea

GRAFCAV1088. BILBAO, 29/07/2025.- El cantante de Doctor Deseo, Francis Diez, (i) pregonero, y a la comparsera de Txori Barrote Olatz Agirre, (d) como txupinera este martes donde la Comisión Mixta de Fiestas del Ayuntamiento de Bilbao ha presentado para la edición número 45 de Aste Nagusia. EFE/Luis Tejido
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Francis Diez pregoilaria eta Olatz Agirre txupinera, Aste Nagusirako prest

Pregoilariak, Francis Diezek, Doctor Deseo musika taldeko abeslariak, adierazi duenez, "erantzukizuna hartzeko unea zen", eta "gozamena eta betebeharra" bateratzen saiatuko da, "izarra" alde batera utzi eta jaietan jendearen esanetara egoteko. Bestalde, Olatz Agirre txupinerak, Txori Barroteko konpartsakideak, "Bilboko eta inguruko herritarrei, merkatariei eta langileei" gonbitea luzatu die, txupinazoa bota ondoren, jaiez goza dezaten eta parte har dezaten, "pertsona guztientzako lekua dagoelako". "Txori Barrotekoa naiz, baina aurten ez naiz beltzez eta zuriz jantziko, gorriz eta zuriz baizik, konpartsa guztiak eta herri osoa ordezkatzeko", nabarmendu du.

Gehiago kargatu