Gizartea
Familia-Barne Ministerioa
Espainiako poliziak bidaliko dituzte Hodei Egiluzen bila, Belgikara
Erredakzioa
Borja Lazaro Kolonbian galdutako gaztearen eta Galdakaoko desagertuaren familiekin elkartu da Jorge Fernandez Diaz Barne ministroa.
Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak Espainiako poliziak bidaliko ditu Belgikara Hodei Egiluz gazte bizkaitarra bilatzeko lanetan laguntzeko. Polizia judizialak bidaliko omen dituzte bertara, ikerketan parte har dezaten.
Fernandez Diaz ordu erdiz bildu da Galdakaoko gaztearen gurasoekin, Gasteizen. Borja Lazaro gasteiztarraren amarekin eta anaiarekin ere elkartu da. Azken hori Kolonbian galdu zen, martxoan.
Bileren ondoren, Barne ministroak esan du "oso gertu" sentitzen dituela bi familiak, eta "gutxienekoa egoera mingarri horretan laguntzea" dela. Hori horrela, bi kasuak "gertutik" jarraituko dituela, eta "ikerketak aurrera egin dezan beharrezko baliabide guztiak" jarriko dituela hitzeman du.
Hodei Egiluzen kasuan, Espainiako Polizia Judizialeko bi agente bertaratuko dira Anberesen, "ahal duten heinean ikerketan laguntzeko".
"Badakigu Belgikako Polizia etengabe ari dela lanean Anberesen, baina beste lau begirekin gehiago ikusiko dute, eta Espainiako polizia adituak baliagarriak izan daitezke", gaineratu du.
Anberesera abiatu aurretik, poliziak Egiluzen gurasoekin bilduko dira, harreman "zuzenagoa" izate aldera.
Bestalde, gaur bete da urtebete Hodei Egiluz Anberesen galdu zenetik, eta gaur egin dute azkeneko aldiz elkarretaratzea Galdakaon.
Borja Lazaro
Borja Lazaroren kasuari dagokionez, Barne ministroak aitortu du azkeneko aldiz ikusi zuten ingurua "oso zaila" dela eta, ikertzen ari diren arren, "informazio gabezia" dagoela. Hori dela eta, Espainiako eta Kolonbiako polizien artean "komunikazio kanala" irekiko dutela aurreratu du.
Ertzaintzak kasu honetan egindako esfortzua eskertu ostean, Estatuko Segurtasun Idazkaritzako goi kargudun bat Cartagena de Indiasera joan behar dela jakinarazi du, Espainiaren enbaxadarekin, bertako Barne Ministerioko arduradunekin eta Venezuelako agintariekin harremanetan jartzeko.
"Ahal dugun guztia egingo dugu ikerketak indartzeko eta datuak familiari emateko, informazioa izan dezan", azaldu du ministroak.
Sergio Lazaro galdutako gaztearen anaiak eskerrak eman dizkio ministroari erakutsitako interesagatik, eta kasua argitzeko "ahal duen guztia" egiteko hartu duen konpromisoagatik.
Ministroa, Borja Lazaroren anaiarekin eta amarekin. Argazkia: EiTB