Gizartea
Madril, Carlos III
Sendagiria eman diote Liberian egon zen misiolari espainiarrari
Erredakzioa
Teresa Romerok hobera egiten jarraitzen du. Gainera, kutsatutako erizain laguntzailearekin harremana izateagatik ospitaleratutako 15 lagunek sintomarik azaleratu gabe jarraitzen dute.
Liberiatik etorri berria zen San Joan Jainkoarenaren Anaiak ordenako misiolari espainiarrari sendagiria eman diote gaur, ebolaren birusaren krisia kudeatzeko batzorde bereziak ohar baten bidez jakinarazi duenez.
Misiolaria haren ordenako ospitale batean egon zen Monrovian (Liberian), abuztuan itxi egin zena, eta ostegunean Madrilgo Carlos III.an ospitaleratu zuten ebolaz kutsatuta egon zitekeelakoan.
Teresa Romero erizain laguntzaileak hobera egiten jarraitzen du Madrilgo Carlos III. ospitalean, ebola birusaren krisia kudeatzeko batzorde bereziak zabaldu duenez. Izan ere, medikuek egin berri dizkioten probek negatibo ematea eta birusaren arrastorik ez aurkitzea espero dute.
Familiaren bozeramaileak adierazi du haren osasun egoerak hobera egin duela nabarmen eta "pozik" eta "irteteko gogoz" dagoela. Hala, atzotik elikagai solidoak jaten ari dela adierazi du, eta atzo esaterako tortilla jan zuela gaineratu du. Bestalde, pixkanaka-pixkanaka arnasa hartzeko oxigeno maskara kentzen hasi dela azpimarratu du.
Harekin harremana izateagatik ospitaleratutako 15 lagunek, berriz, sintomarik azaleratu gabe jarraitzen dute.
Bestalde, Madrilen eta Kanarietan behaketan diren hiru pertsonek negatibo eman dute lehen proban, eta bigarrenaren emaitzaren zain daude.