Itxi

Gizartea

Ebola

Azken lau ospitaleratuek negatibo eman dute ebola proban

Erredakzioa

Bestalde, Teresa Romero artatzen duten medikuek birusaren proba egingo diote berriro, 24 eta 48 orduren buruan. Emaitza negatiboa izatea espero dute, birus karga oso txikia baita.

1:13

Ebola eduki zezaketelakoan Madril eta Tenerifen isolatu dituzten azken lau pertsonek negatibo eman dute ebola proban, Soraya Saenz de Santamaria Espainiako Gobernuko presidenteordeak jakitera eman duenez.

Ministro Kontseiluaren ondorengo prentsaurrekoan egin du jakinarazpena Saenz de Santamariak. Madrilgo Carlos III erietxean atzo ingresatu zuen San Juan de Dios ordenako misiolariak negatiboa eman duela ziurtatu du.

Tenerifen bakartutako Gurutze Gorriko boluntarioak ere negatibo eman du proban. Kandelarioko Amaren Unibertsitate-Erietxean zegoen bakartuta eta “arrisku handikotzat” jotzen zuten.

Negatibo eman dute baita ere Teresa Romero Alcorconeko erietxera eramateko erabili zuten anbulantzia berean bidaiatu zuen gaixoak eta Parisetik zetorren hegazkin batean gaizki sentitu zen Nigeriako herritarrak.

Test berria Teresa Romerori

Bestalde, Teresa Romero artatzen duten medikuek birusaren proba egingo diote berriro, 24 eta 48 orduren buruan. Emaitza negatiboa izatea espero dute, birus karga oso txikia baita.

Teresa Mesa familiaren bozeramaileak eman die berria komunikabideei. Esan duenez, Romero askoz hobeto dago, eta biriketan soilik ditu arazoak.

“Gaixotasuna gainditzeko animoak ditu, eta artatzen ari den mediku taldea ere itxaropentsu agertu da. Ondo dago, eta konortedun”, zehaztu du.

Gibela, giltzurrunak eta birikak bezalako organoak “nahikoa osatuta” dituela azaldu du familiaren bozeramaileak. “Oso argal eta gaixo dagoen arren, birikak baino ez ditu kaltetuta”, esan du.

Romerok ura, zukuak eta salda edan ditu. Ohetik altxa da, eta senarrarekin hitz egin du.

Jokaera zuzena

Teresa Romerok ez du oroitzen Manuel Garcia Viejo hildako misiolaria ukitu ondoren eskularruekin bere aurpegia ukitu izana. Bere senarrak bezala, “behin eta berriro” ohartarazi zuen birusa eduki zezakeela.

Teresaren familiaren bozeramaileak “oroimena apurka” berreskuratzen ari dela esan du, eta “birusaren sintomak atzematen hasi zeneko gauzak” gogoratzen dituela.

“Modu egokian jokatu zuela uste du Teresak. Hori da bere obsesioa, dena ongi egin izana”, gaineratu du.

Espainiaratzeak defendatu ditu Rajoyk

Ez dago “zalantzarik” Espainiako gizarteak ebolaren aurkako “borroka irabaziko du", adierazi du Mariano Rajoy Gobernuko presidenteak. Bestalde, Miguel Pajares eta Manuel Garcia Viejo elizgizonak Espainiaratu zituenean Gobernuak “erabaki zuzena” hartu zuela defendatu du buruzagiak.

“Borroka honetan albiste onak izango dira aurrerantzean, ziurtatzen dizuet”, esan du Rajoyk. Exekutiboak “ez du espainiarrik abandonatuko”, ohartarazi du.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Ebola berriak