Gizartea
Ebola Europan
Ebolaz kutsatutako NBEko langile bat hil da Alemanian
Erredakzioa
Nazio Batuen Erakundeak Liberian zuen Misioaren osasun arduraduna zen zendutakoa.
-
St Georg erietxean, Leipzip herrian, hil da Afrikan kutsatutako gaixoa. EFE
Liberiatik Alemaniara, Leipzig herrira, ebolaz kutsatuta eraman zuten gaixoa gaur hil da, St. George erietxeko arduradunek jakinarazi dutenez.
Zendutakoa Nazio Batuen Erakundeak (NBE) Liberian zuen Misioaren osasun arduraduna zen. Jatorriz Sudangoa zen, eta 56 urte zituen. Eria ostegunean heldu zen Alemaniara, eta "oso larri" egon da ordutik.
"Ebolaz kutsatutako gaixoa gauean hil da, St. George erietxean. Zainketa Intentsiboetako Unitatean zegoen arren eta osasun langileek eginahalak egin dituzten arren, NBEren 56 urteko langilea hil egin da", jakinarazi dute ospitaleko medikuek.
Gaur zendutakoarekin batera, beste bi gaixo artatzen ari dira Alemanian. Munduko Osasun Erakundeko langile senegaldar bati senda-agiria eman diote, Hanburgoko ospitale batean bost asteko tratamendua jaso ostean. Frankfurten beste eri bat artatzen ari dira, Sierra Leonan kutsatutako mediku ugandar bat.