Itxi

Gizartea

Ebola

Darpon, ebolari buruz: 'Osakidetza prest dago egoerari aurre egiteko'

Erredakzioa

Halaber, sailburuak iragarri duenez, euskal osasun publikoaren zerbitzuko maila guztietan formakuntza eta informazioa areagotuko da, eta aplikatutako neurrien jarraipen estua egingo dute.

0:33

Jon Darpon Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak ziurtatu duenez, Osakidetza "prest dago egoera honi -azken kutsatuen ostean- behar bezala aurre egitea bermatzeko".

Darponek eta Jon Etxebarria Osakidetzako zuzendari orokorrak bilera egin dute gaur, larunbata, Bilbon, atzo Madrilen egindako Lurraldearteko Batzordean hitz egin zutenaren berri emateko.

Darpon eta Etxeberria Guillermo Viñerga Osasun Sailburuordearekin, Miren Dorronsorro Osasun Publikoaren zuzendarairekin, Antonio Arraiza Osakidetzako Osasun Laguntzako zuzendariarekin, Enrique Peiro Osakidetzako Osasun Publikoaren Programen koordinatzailearekin, Jose Manuel Ladron de Guevara Donostiako Ospitaleko zuzendariarekin eta Michol Gonzalez Bilbo-Basurtuko Erakunde Sanitario Integratuko zuzendariarekin bildu dira.

Bilera bukatutakoan, Osakidetzako eta Osasun Saileko ordezkariek Carlos III Ospitalean birusak kutsatuta dagoen erizain laguntzailea, baita isolamenduan dauden gainerako lagunak, ahalik eta lasterrenen osatzea eskatu dute.

Halaber, Darponek positibotzat jo du Madrilen egindako bilera eta, esan duenez, "osasun publikoak ez dauka mugarik eta ezinbestekoa da Autonomia Erkidegoen arteko eta Europar Batasuneko herrialdeen arteko kolaborazioa sustatzeko, kasu honetan, ebola birusa dela eta. Jaurlaritzak eskua luzatuta dauka kolaboratzeko".

Gainera, osasun alorreko langileak egiten ari diren lanagatik erabateko babesa azaldu du sailburuak. "Profesional trebeak ditugu, lanarekiko konpromisoa dutenak; gure helburu nagusia da segurtasun handienarekin lan egin dezaten. Osakidetza prest dago egoera honi behar bezala aurre egiteko".

Era berean, gaur Bilbon egindako bileran adostu dutenaren arabera, euskal osasun publikoaren zerbitzuko maila guztietan formakuntza eta informazioa areagotuko da, eta aplikatutako neurrien jarraipen estua egingo dute.

Batzorde berezia, sortuta

Espainian ebolari aurre egiteko batzorde berezi bat sortu zuen atzo Gobernu espainiarrak. Era berean, kasu susmagarriak artatzeko protokoloak aldatu zituen Exekutiboak eta lasaitasun mezu bat igorri nahi izan zuen.

Soraya Saenz de Santamaria Exekutiboko presidenteordeak adituen batzorde berria zuzenduko du. Batzordeak arratsaldean egin zuen bere aurreneko bilera. Zazpi ministeriok, entitate zientifikoek eta medikuek eta adituek osatzen dute.

17 pertsona, kutsatuta

Guztira, 17 pertsona Carlos III ospitalean dira zaintzapean, horietako hiru arratsaldean ospitaleratu dituzte, zentroak jakitera eman zuenez.

Atzo arratsaldean hiru emakume ospitaleratu zituzten: ile-apaintzaile bat, erizain bat eta osasun zentroko garbitzaile bat; hirurek ez dute sintomarik.

Kasu bat ikertzen ari dira: emakume erizain bati ebolaren lehen proba egin diote eta negatibo eman du eta 72 ordu itxaron behar dituzte bigarren proba egiteko. Honek ere ez du sintomarik.

Lasaitasuna

Bestalde, Ana Mato Osasun ministroak eta erkidegoetako osasun kontseilariek bilera egin dute Madrilen. Buruzagiek gizarteari lasaitasun mezu bat igorri nahi izan diote bilera amaitu eta gero. Hala ere, informazioa emateko orduan zorroztasuna eta gardentasuna beharrezkoak direla adostu dute.

Matok batzorde berezian parte hartuko du. Era berean, Osasun, Barne, Presidentetza, Justizia, Ekonomia eta Atzerri ministerioek parte hartuko dute. Horrela, nazioarteko osasun erakundeekin lankidetza bermatu beharko du Atzerri Ministerioak.

Ebola Liberia efe

Liberia. Argazkia: EFE

4.000 hildako

Azkenik, dagoeneko ebolak zazpi herrialdetan 4.033 pertsona hil dituela jakitera eman du Munduko Osasun Erakundeak. Gehienak Liberian, Sierra Leonan eta Ginea Konakryn hil dituela azaldu du; izan ere, pandemia bertan hasi zen iragan martxoan.

Urriaren 8ra arte 8.399 lagun kutsatu ziren, aurreko balantzean baino 366 gehiago.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Ebola berriak