Itxi

Gizartea

Ebola

Rajoyk dio 'oso baxua' dela ebolarekin kutsatzeko arriskua

Erredakzioa

Espainiako Gobernuak batzorde berezia sortuko du egoerari aurre egiteko. Soraya Saenz de Santamaria izango da presidente, eta ez Ana Mato Osasun ministroa (ez da ospitalean izan).

Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak azpimarratu du "oso baxua" dela ebola Estatu osora zabaltzeko arriskua. Munuko Osasun Erakundearen eta Europako Batzordearen txostenetan oinarritu omen da hori esateko.

Rajoy 13:20an iritsi da Madrilgo Carlos III.a Ospitalera, Teresa Romero ebolarekin kutsatutako erizain laguntzailea dagoen lekura.

Ospitaleko mediku taldearekin bildu ostean, Rajoyk babes osoa helarazi die Carlos III.eko langileei, eta orain "lehenengo helburua Teresa Romero" dela azpimarratu du.

Teresa Romero eta behaketan dauden gainerako 13ak artatzen ari direnekin ordubete baino gehiagoz batzartu ondoren emandako prentsaurrekoan, eskerrak eman dizkie profesionalei egiten ari diren "esfortzuagatik eta lanagatik".

Rajoyk gogora ekarri duenez, batzorde berezi bat osatuko dute gaixotasunaren jarraipena egiteko, eta bertan egongo dira ministerioak, Madrilgo erkidegoa eta Carlos III.eko profesionalak, azken horiek baitira gaia gehien "bizitzen" eta "sentitzen" dutenak.

Rajoyren arabera, "lehenengo helburuak" Teresa Romero du izena, gaixorik dagoen pertsona bakarra, gero emakumearekin egon diren pertsonen egoera zaintzea dago, eta azkenik, gertatu denaren inguruko ikerketarekin jarraitzea eta gaixotasunari aurre egiteko zer hobetu daitekeen aztertzea.

Mariano Rajoyk azaldu duenez, medikuek esan diote lehenengo ebola kasua dela mendebalde osoan; baina Munduko Osasun Erakundeak adierazitakoa berretsi du, gaixotasuna zabaltzeko arriskua "oso baxua" dela, alegia. Hori dela eta, mezu hori Estatuko herritar guztiei helaraztea "ontzat" jo du.

"Egoera ez da normala, zaila da, baina ziur nago profesionalek ahal duten guztia egingo dutela", gaineratu du Rajoyk. Era berean, hedabideei ere laguntza eskatu die, "dena ondo atera dadin".

Rajoyk ospitalera eraman dituen ordezkarien artean ez zeuden ez Ana Mato Osasun ministroa, ez Javier Rodriguez Madrilgo erkidegoko Osasun kontseilaria.

Batzorde berezia

Espainiako Gobernuak ebolaren kudeaketarako batzorde berezi baten sorkuntza iragarri du gaur. Soraya Saenz de Santamariak Ministroen Kontseiluaren bileraren ostean azaldu duenez, egoerak hainbat ministerio edo eremu ukitzen dituenez, beharrezkoa zen koordinaziorako erakunde bat sortzea. Gainera, erakundearen buru presidenteordea bera izango da.

Batzordea egunero bilduko da. Bertan izango dira ministerio gehienetako ordezkariak, nazioarteko osasun erakundeekin koordinatuta; erkidegoetako ordezkariak; zientzialari elkarteetako kideak, eta Madrilgo Carlos III.a Ospitaleko langileak.

Gainera, Espainiako Gobernuak zientzialarien lantalde bat osatuko du aholkularitza zerbitzua eman dezan.

Ebolaren jarraipenerako batzordearen egitekoa hau izango da: baliabide guztiak antolatzea, erakundeen arteko lankidetza sustatzea; informazioa emateko protokoloa ezartzea, herritarrekiko eta hedabideekiko "gardentasuna" lortzeko; eta gaixotasunaren kontrolerako egiten diren ekintza guztiak aztertzea.

Batzordeak Madrilgo Erkidegoan Osasun Ministerioaren eta Osasun Kontseilaritzaren artean osatutako lantaldeari emango dio jarraipena.

Bestalde, Espainiako Gobernuaren presidenteordeak esan du indartu egin beharra dagoela herritarrei ematen zaien informazioa, ebola nola kutsatzen den eta sintomak zeintzuk diren azaldu; izan ere, "ez da oso gaixotasun ezaguna".

Presidenteordeak gogorarazi du Ana Mato Osasun ministroa erkidegoetako Osasun alorreko arduradunekin bilduko dela arratsaldean, gaixotasunari aurre egiteko neurriak koordinatzeko.

Teresa Romero, "larri, baina egonkor"

Bien bitartean, Teresa Romero erizaina "larri baina egonkor" dago, ospitaletik gaur goizean jakitera eman dutenez. Emakumearekin batera, beste 13 pertsona daude erietxe horretan. Hala ere, oraingoz ebola kasu bakarra (Teresarena) dutela azpimarratu dute.

Ospitaletik zehaztu dutenez, laugarren solairua medikuek eta erizainek atseden hartzeko eta ospitaleratutako pertsonak artatzeko hustu dute. Bestalde, ebola izan dezaketen pertsonak artatzeko, bostgarren eta seigarren solairuak erabiliko dituzte.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Ebola