Gizartea
Ebola
Erizaina artatu zuen medikua: 'Jantzia motz geratzen zitzaidan'
Erredakzioa
Teresa Romeroren egoera okerrera egin du azken orduotan, erietxeko medikuek baieztatu dutenez.
Ebolaz kutsatuta Madrilgo Carlos III Ospitalean dagoen erizain laguntzaileak "okerrera" egin du azken orduotan, erietxeko medikuek baieztatu dutenez. Datu kontrajarriak izan dira azken orduetan Teresa Romeroren osasun egoeraren harira. Ignacio Gonzalez Madrilgo Erkidegoko presidenteak goizean adierazi duenez, gaixoak "hobera" egin du. Dena dela, handik ordu gutxira, kontrakoa esan du Romeroren nebak eta berria baieztatzera atera behar izan da erietxeko zuzendaritza.
Ospitalearen kanpoaldean egindako agerraldi labur batean, Romeroren egoeraren xehetasunik emateko baimenik ez duela adierazi du Yolanda Fuentes Carlos III erietxeko zuzendariordeak baina, "okerrera" egin duela baieztatu du. "Informazio gehiago ematea galarazi digu, eta bere borondatea errespetatu behar dugu", erantsi du.
Baieztapen ofiziala heldu baino lehen mintzatu da Jose Ramon Romero, ebolaz kutsatutako erizain laguntzailearen neba. La Sexta telebista kateari eskainitako elkarrizketa batean adierazi duenez, arrebak arnasteko arazoak ditu eta hodia sartu behar izan diote. 14 mediku ari dira erizain laguntzailea artatzen, eta gaixoaren nebak jakinarazi duenez, beste botika bat emango diote.
Zazpi lagun ospitalean
Horrez gain, Alcorconeko erietxeko beste mediku bat ospitaleratu dute gaur, Yolanda Fuentes Carlos IIIren zuzendariordeak adierazi duenez. Haren esanetan, osasun-langile honek ez du sintomarik, baina badaezpada erietxera eraman dute, "jarraipen estua" egiteko. Hortaz, zazpi dira jada ingresatuta dauden lagunak, ebolaz kutsatzeko arriskuan egon direlako: erizainarekin edota ebolak jota hil ziren bi apaizekin harremana izan duten pertsonak dira denak. Horietatik lau "zaintza aktiboan" daude, "arrisku handiko kontaktua" izan dutelako birusarekin: Alcorconeko bi medikuak eta ebola duen erizainaren senarra. Dena dela, gaixotasunaren sintomarik ez dute hiru hauek. Manuel Garcia Viejo elizgizona artatu zuten bi erizainek, berriz, sintoma "arinak" dituzte.
Bestalde, ehun lagun inguru, etxean daude, zaintzapean.
Protokoloan, akatsak
Alcorconeko (Madril) Ospitalean ebola duen erizaina artatu zuen medikuak segurtasun protokoloan hainbat akats izan zirela salatu du, bere nagusiei igorritako eta gaur hedabideek publikatutako gutun batean.
Sendagileak 16 orduz artatu zuen erizaina, ebola proba egin baino lehen.
Horren esanetan, eman zioten segurtasun jantziaren besoak "motz" geratzen zitzaizkion. Gainera, ebola proban erizainak positibo eman zuela hedabideen bitartez jakin zuela gaineratu du.
Medikua bakartu egin zuten atzo arratsaldean Carlos III.a Ospitalean. Bere kabuz joan zen atzo osasun zentro horretara, badaezpada, birusarekin harreman zuzena izan baitu. Dena dela, ez du sintomarik, eta, beraz, nahiz eta ebola eduki, ezingo luke birusa transmititu.
Gizonezkoak azaldu duenez, bera izan zen Alcorconeko Ospitalean erizaina artatu zuen mediku bakarra, eta gelara "erizainekin batera" baino ez zen sartzen.
Agintarien akatsak
Agintariek akats zerrenda luzea egin dute ebolaren kudeaketan. Adibidez, sei egun pasatu ziren ebola duen erizaina bakartu zuten arte, eta osasun langileek prestakuntzarik eman ez dietela salatu dute azken egunetan.
Atzo, erizainak aitortu egin zuen eskularruekin aurpegia ukitu zuela, eta balitekeela hala kutsatu izana. Osasun langileek norbaitek lagunduta kendu behar dute segurtasun jantzia, baina erizaina bakarrik zegoen. Beste akats bat protokoloan, baina ez azkena.
Horren ildotik, El Pais egunkariak jakinarazi duenez, Madrilgo Osasun Kontseilaritzak entzungor egin zien erizaina etxetik Alcorconeko Ospitalera eraman zuten andazainei. Emakumezkoak ebolaz hil ziren elizgizonak artatu zituela eta bera ere kutsatuta dagoela uste duela esan zien, eta horiek agintariak ohartarazi zituzten, baina osasun administrazioak ez zien jaramonik egin.
Anbulantziak ospitalera eraman zuen azkenean emakumea, segurtasun neurri egokiak ez zituen arren. Are gehiago, ebola duen emakumea osasun zentroan utzi eta gero, gaixoak garraitzen jarraitu zuen.