Itxi

Gizartea

Ebolaren kutsatzea

Horrela ipintzen eta kentzen da ebolaren kontrako babes jantzia

Eider Garaikoetxea | eitb.eus

Birusak kutsatutako gaixoak artatzeko aldean eraman behar den ekipamendua zelan jantzi eta erantzi behar den azaldu du Osakidetzak bideo baten bidez.

Osakidetza EAEko osasun zerbitzuak bideoa eskegi du Interneten ebolak jotako gaixoak artatu behar dituzten osasun-langileek babes ekipamendua zelan jantzi eta erantzi behar duten azalduz.

Norbere Babeserako Ekipoak (NBE) berebiziko garrantzia du ebola edo tankerako gaixotasun infekziosoak dituzten eriak artatzeko. Kutsatzea saihesteko, baina, jantzia modu egokian ipini eta kendu behar da.

Hain justu, Manuel Carcia Viejo ebolak hildako misiolaria jagoten ibili zen erizain laguntzailea kutsatu izanak ezbaian jarri du ekipamendu hori kentzeko prozesuan jarraitutako pausoak zuzenak izan ote ziren. Jantzia ipintzeko eta kentzeko gomendioak jaso ditu Osakidetzak bideo batean. Bertan, Donostia Ospitaleko Mikrobiologia Zerbitzuko langile batek pausoz pauso azaltzen du nola jantzi eta erantzi behar den norbera babesteko ekipamendua.

Babes jantzia ondorengo elementuek osatzen dute: buzoa, zangozorro edo polainak, maskara, txanoa, betaurrekoak eta bi pare eskularru. Ezertan hasi baino lehen, eskuak ondo garbitu beharko ditu osasun-langileak, eta prozesu guztian lagunduko dion lankide bat izan beharko du ondoan. Buzoa jantzi behar da aurrena. Segidan, lehen eskularru parea ipiniko du sanitarioak, baina, gainerako elementuak janzteko traba egiten badio, azkenean jantzi ahalko ditu. Hori horrela, bideoan ageri den medikuak zangozorro edo polainak ipintzen ditu lehenengo. Zangozorroak ondo lotu eta gero, maskara jantziko du, estu baina eroso duela; eta, azkenik, betaurrekoak. Une horretan, ekipamenduak ondo babesten duela bermatu behar du laguntzen ari den lankideak. Amaitzeko, eskularruak jantziko ditu (aurretik egin ez badu behintzat); azken parea buzoaren gainetik paratu behar da. "Kutsatutako gunea"n (kutsatzea posible den gunea) sartzeko prest dago, horrenbestez, erizaina, erizain laguntzailea edo medikua.

Babes jantzia kentzeko, lehen eskularru parea gaixoaren gelan kenduko du osasun-langileak, eta polainak, betaurrekoak eta buzoa, bertatik irten ostean. Laguntzaileak buzoa eta zangozorroak kanporantz bildu beharko ditu. Azkenik, beste eskularruak, maskara eta betaurrekoak erantzi beharko ditu, ezer ukitu gabe. Kutsatutako materiala gune "zikinean" dagoen ontzian bota behar da. Amaitzeko, eskuak sakon garbitu behar dira. Gune "garbira" pasatu baino lehen, oinetakoak desinfektatzeko ontzi batean paratu beharko dira oinak.