Gizartea
Madril
Manuel Garcia Viejo erlijiosoa hil da, ebolak jota
Erredakzioa
Carlos III ospitalean zegoen, astelehenetik
Manuel Garcia Viejo erlijiosoa hil da ostegun honetan, ebolak jota, EFE agentziak jakitera eman duenez. Garcia Viejo Madrilgo Carlos III ospitalean zegoen, astelehenetik.
69 urteko Manuel Garcia Viejo ebolak hil duen bigarren espainiarra da; izan ere, abuztuaren 12an Miguel Pajares erlijiosoa hil zen birusak jota. Pajares Liberian kutsatu zen.
Garcia Viejo San Juan de Dios ordenaren ospitaleko zuzendaria zen Lunsarren (Sierra Leona). Ebola antzemateko proba batean positibo eman zuen iragan astean.
Alternatibak
Espainiaratu zutenetik, Zmapp sueroaren ordezko tratamendu bat bilatu dute Carlos III ospitaleko medikuek; izan ere, sendagaia agortuta zegoen. Miguel Pajares suero horrekin sendatzen saiatu ziren.
Garcia Viejo "larri" heldu zen Madrilera. Deshitratazioa eta giltzurrunetan zein gibelean arazoak zituen.
"Erlojuaren kontra"
Ia lau egun eman ditu ospitalean. Pazientea sendatzeko alternatiben bila "minuturo eta erlojuaren aurka" lan egin dute medikuek, baina beti "kontu handiarekin"; izan ere, "tratamendu guztiak esperimentalak dira", Fernando de la Calle doktoreak azaldu duenez. De la Calle Carlos III ospitaleko medikua da eta bi erlijiosoak artatu ditu.
Pazienteak ez du parte medikoen berririk eman izan nahi, eta orain arte Juan Ciudad gobernuz kanpoko erakundeak egoeraren datuak jakitera eman ditu.
Elizgizonaren egoera interes handia piztu du Espainian, baina batez ere Folgoso de la Riberan (Leon), bere jaioterrian.
Miguel Pajaresekin jarraitutako protokolo bera aplikatu diote Garcia Viejori, baina aurreneko kasuan muturreko neurriak martxan jarri zituzten, Carlos III ospitalea hustu zuten adibidez.
Pajares kasuaren eskarmentuarekin, astelehenean ebakuazioa baztertu zuten agintariek, baina seigarren solairuko sarrera mugatu zuten.