Itxi

Gizartea

Istripua

Ebakuntza egingo diote Artolari Basurtuko Ospitalean

Erredakzioa

Hiru saihets apurtuta, bularrezurrean pitzadura eta beste hainbat haustura ditu Etxerateko bozeramaile izandakoak. Preso bati bisita egitetik etxera bueltan izan zuen istripua, atzo.

Ugaitz Perez euskal presoaren hiru senidek istripu larria izan zuten atzo goizaldean Tuteran, AP-68 errepidean, Valentziako Albocasser espetxetik bueltan zetozela, Etxeratek emandako datuen arabera. Zaurituetako bat Jone Artola da, Etxerateko bozeramailea izandakoa eta Bilboko Aste Nagusiko iazko txupinera. Basurtuko Ospitalean dago Artola, eta ebakuntza egin beharko diote; hiru saihets apurtuta, bularrezurrean pitzadura eta beste hainbat haustura ditu. Istripuan zauritutako beste bi senideak etxean dira, jada, zauri arinak egin baitzituzten.

Ezbeharrean, beste ibilgailu batean zihoan emakume bat hil zen. Foruzaingoak jakitera eman duzenez, Zangozarantz zihoan auto bat errepidetik atera zen 211,2 kilometroaren parean, bueltaka erdiko hesia zeharkatu zuen, irauli eta kontrako noranzkoan geratu zen, Bilborantz joateko bi erreien artean, gurpilak goraka zituela.

Motor batek eta bi autok errepide erdian ustekabean topatu zuten autoa saihestea lortu zuten, baina, laugarren ibilgailu batek, presoaren senideenak, ezin izan zuen saihestu, eta talka egin zuen haren kontra.