Itxi

Gizartea

Nafarroa

Emakume haurdun bat hil da Tuteran izandako auto istripu batean

Erredakzioa

Zaurituen artean ETAko preso baten hiru senide daude, tartean Jone Artola Etxerateko bozeramailea izandakoa.

  • Larrialdietako zerbitzuko kideak, hildakoaren autoa aztertzen. Argazkia: Nafarroako Gobernua

    Larrialdietako zerbitzuko kideak, hildakoaren autoa aztertzen. Argazkia: Nafarroako Gobernua

Emakume haurdun bat hil da eta beste lau pertsona zauritu dira Nafarroan izandako auto istripu batean,  A-68 autobidean Tutera parean.

Istripua 0:47an jazo da. Zaragozarantz zihoan auto bat errepidetik atera da 211,2 kilometroaren parean, bueltaka erdiko hesia gurutzatu du, irauli eta kontrako noranzkoan, Bilborantz joateko bi errailen artean gurpilak goraka zituela geratu da.

Motor batek eta bi autok errepide erdian ustekabean topatu duten autoa saihestea lortu dute, baina, laugarren ibilgailu batek ezin izan du, eta bere kontra talka egin du.

Ondorioz, iraulita zegoen autoan gidariaren ondoko eserlekuan zihoan emakume haurdun bat hil da, L.X.H.S., 31 urteko zaragozarra.

Auto horretako gidaria, 34 urtekoa eta zaragozarra hau ere, Tuterako Reina Sofia ospitalera eraman dute hasiera batean, eta ondoren Zaragozako Ospitalera, egoera larrian.

Bestalde, auto irauliaren kontra talka egin duen ibilgailuan hiru pertsona zihoazen. Etxeratek azaldu duenez, Ugaitz Perez ETAko presoearen senideak dira; Albocasserreko espetxean bisita egin zuten eta bueltan zeuden.

Horietako bat Jone Artola Etxerateko bozeramaile ohi eta iazko Bilboko Aste Nagusiko txupinera da. Tuterako Reina Sofia ospitalera eraman dute. Beste biak ere –36 urteko gidaria eta ondoan zihoan 59 urteko gizonezko bat (biak bilbotarrak)- Tuterako ospitalera eraman dituzte.

Bilborako noranzkorako bi errailak itxita egon dira artatze, garbiketa eta argiketa lanek iraun duten bitartean.

Hilotza, bestalde, Nafarroako Auzitegi Medikuntzako Institutura eraman dute, autopsia egin diezaioten.