Itxi

Gizartea

Madrilen

Miguel Pajares elizgizona hil da, ebolak jota

Erredakzioa

Ebolak hildako lehen europarra da. Karlos III.a Ospitalean hil da, gaixotasunak jota, Afrikan misiolari lanak egiten zituen 75 urteko erlijiosoa.

Miguel Pajares ebolak kutsatuta Afrikatik aberriratutako elizgizona hil da gaur, asteartea, Karlos III.a Ospitalean, sendagai esperimentala hartu eta 24 ordura. Ebolak hildako lehen europarra da Pajares.

Pajaresen aldeko hileta elizkizuna bihar, asteazkena, izango da 11:30ean, Madrileko San Rafael Ospitalean. Osasun zentroren kaperan egingo dituzte elizkizunak, Ordenaren panteoian hobiratu aurretik.

Elizgizonaren gorpuzkiak erraustu dituzte dagoeneko Collado Villalba beilatoki-erraustegian (Madril), hiriburu espainiarreko Osasun Kontseilaritzak eta Parcesa hileta zerbitzuetako enpresak baieztatu dutenez.

Done Joan Jainkoarena Ordenak eskerrak eman ditu, egunotan jasotako babesagatik.

Bestalde, Miguel Pajaresen familiak uste du elizgizonaren heriotza "amaiera zoriontsua" izan dela. Alabaina, ezustean harrapatu ditu Pajaresen heriotzak, uste baitzuen egonkor jarraitzen zuela Karlos III.a Ospitalean.

"Albisteak ustekabean harrapatu gaitu, baina uste dut amaiera zoriontsua dela, agian izan zitekeen onena, Miguelek San Jose Ospitaleko lankideen heriotza bere gain hartuta bizi behar izan balu, ez zen lasai egongo", Begoña Martin apaizaren lehengusinak Europa Pressi esan dionez.

Marintek ez zuen uste bere lehengusuak hobera egingo zuenik, nahiz eta Zmapp sendagaia hartu zuen. "Ehuneko berrogeita hamarrean uste nuen sendatuko zela", ziurtatu duenez.

Pajares hil eta gero, familiak espero du orain ebola duten herrialde afrikarrak laguntzea, Liberia, esaterako. "Eskatuko dudan gauza bakarra da antolatu duten hau guztiak herrialde aberatsek laguntza gehien behar dutenak laguntzeko balio izatea", gaineratu du Begoña Martinek.

Miguel Pajares, aberriratu zuten egunean. Efe

Ez diote autopsiarik egingo

Ospitaleko iturrien arabera, Miguel Pajaresen gorpuari ez diote autopsiarik egingo eta erraustu egingo dute, kutsatzeko arriskua saihesteko.

Ebolagatik kutsatutako gorpuak maneiatzeko araudiak autopsia egitea debekatzen du, “gorputzak izan ditzakeen likidoen karga” dela eta. Trebatutako medikuek bakarrik izango dute kontaktua Miguel Pajaresen gorpuarekin, iturri berdinek azaldu dutenez.

Horrez gain, kutsatuta egon daitezkeen ospitaleko azalerak desinfektatzaile bereziekin garbitzea eta erabilitako jantzi eta arropa guztiak erretzea ere arautzen du protokolo horrek.

18 urte misiolari

Miguel Pajarsek Erizaintza ikasketak egin zituen, apaiz izan baino lehen, eta 18 urtez misiolari lanak egin zituen, Irlanda, Ghana eta Liberia herrialdeetan, besteak beste.

Izan ere, Liberian igaro ditu azken zazpi urteak, zehatz-mehatz, Monroviako San Jose Ospitalean. Ospitale horretako zuzendaria, Patrick Nshamdzea, hil zen abuztuaren 2an, eta Pajaresek zaindu zuen.

75 urte zituen Pajaresek, eta bost anaien artean gazteena zen. Iglesuela Toledon dagoen 500 bat biztanleko herrixka batean jaio zen, eta aurreko ekainean, hango bizilagunek elizgizona ikusteko aukera izan zuten.

Izan ere, abuztuaren amaieran edo irailaren hasieran bueltatzeko asmoa zuen. Espainiara itzuli ostean, hurrengo misioaren zain egotea zen bere nahia.

12 urte zituela egin zen Done Joan Jainkoarena Ordenako kide egin zen.

AEBko sendagaia

Sendagaien eta Osasun Produktuen Agentzia Espainiarrak (Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun Ministerioak finantzatzen du) baimendu zuen sendagaia Espainian sartzea. AEBn bi gaixok hartu dute, historian lehenengoz, eta ikerketaren lehenengo faseetan dago oraindik.

Ministerioak azaldu zuenez, hiltzeko arriskua duten eta sendagairik hartzeko aukera ez duten gaixoek har ditzakete oraindik baimenik ez duten sendagaiak, egungo legediaren arabera.

Elizgizona abuztuaren 7an espainiaratu zuten hegazkin militar batean, eta Torrejon de Ardozeko base militarrera eraman zuten. Harekin batera, ebola ez duen moja bat, Juliana Bohi, ere espainiaratu zuten. Bohi mojari hirugarren testa egingo diote gaur, erabat baieztatzeko kutsatuta ez dagoela.

Miguel Pajares (75 urte) bakartuta izan zen Liberiako San Jose Ospitalean, beste bost pertsonarekin batera, Patrick Nshamdzea zentroko zuzendaria ebolak jota hil zenetik.

Pajaresen lankideak ere hil dira

Chantal Pascaline moja, Miguel Pajares apaizaren lankidea, larunbatean hil zen, Ebola birusaren gaixotasunak jota. Pascaline, kongotarra, Monroviako (Liberia) San Jose Ospitalean hil zen, William Ekeurm Kamerungo erizainak artatu arren, ezin izan baitzuen ezer egin haren bizitza salbatzeko.

Herenegun George Combey Ghanako elizgizona hil zen Monrovian (Liberia), ELWA Ospitalean, birusak jota.