Gizartea
Ebola izurritea Afrikan
Nazioarteko larrialdi egoera ezarri du Munduko Osasun Erakundeak
Erredakzioa
Dena dela, erakundeak ez du beharrezkotzat ikusten herrialde kaltedunerako bidaiak debekatzea.Gobernuak ez dio azkenean San Joan Jainkoaren Ospitale Ordenari kobratuko Miguel Pajaresen espainiaratzea.
Munduko Osasun Erakundeak (MOE) nazioarteko larrialdi egoera ezarri du, Mendebaldeko Afrika astintzen ari den ebola izurritearen aurrean, eta hainbat neurri gomendatu ditu, birusaren transmisioa galarazteko.
Hori horrela, birusa hedatzen ari den herrialdeek kontrolak egin beharko dizkiete, aireportuetan, portuetan eta mugetan, sukarra duten edo ebola izan dezaketen pertsonei.
Nolanahi ere, OMEk ez du beharrezkotzat ikusten herrialde kaltedunerako bidaiak edo merkataritza debekatzea.
Erakundeak herrialde kaltedunei premiazko laguntza ematea eskatu dio nazioarteari.
Gainera, herrialde horiek tankera honetako izurrite bati aurre egiteko gaitasunik ez dutela ohartarazi du Margaret Chan MOEko zuzendari magusiak.
Ebolak batik bat Ginea Konakry, Liberia eta Sierra Leona astindu ditu orain arte. MOEren arabera, herrialde horiek larrialdi nazioala ezarri behar dute, eta herritarrak ondo hornitu, gaixoek ahalik eta mugimendu gutxien egin ditzaten.
Gainera, koarentena ezartzea ere ez du baztertzen erakundeak.
MOEren azken balantzearen arabera, ebolak 932 pertsona hil ditu Mendebaldeko Afrikan, bost hilabetean. Bakarrik abuztuaren 2tik 4ra, hildakoak 45 izan ziren.
Polemika Miguel Pajaresen espainiaratzearen harira
Bestalde, Espainiako Gobernuak ez dio azkenean San Joan Jainkoaren Ospitale Ordenari kobratuko Miguel Pajares elizgizonaren espainiaratzea.
Atzo espainiaratu zuten Pajares, Liberiatik, ebolaz kutsatu eta gero. Horrekin batera Juliana Bonoha Bohe moja ere atera zuten Afrikako herrialde horretatik. Horren ildotik, Mercedes Vinuesa Osasun Publikoko zuzendariak espainiaratzea aipatu ordenari kobratuko ziola adierazi zuen atzo, eta horrek polemika piztu zuen hainbat alderdiren artean, PSOEn eta IUn kasu.
Gaur, ordena espainiaratzea ordaintzeko prest azaldu da, baina ez duela hori egiteko eskaririk jaso argitu du.