Itxi

Gizartea

Magrebtarrei buruzko hitzak

Marotoren adierazpenak 'bidegabeak' direla esan du Arartekoak

Erredakzioa

Bestalde, Iñigo Lamarcak arbuiatu egin ditu asteburuan Algortan jazotako eraso arrazistak.

  • Iñigo Lamarca Arartekoa. EFE

    Iñigo Lamarca Arartekoa. EFE

Iñigo Lamarca Arartekoak kezka agertu du Javier Maroto (PP) Gasteizko alkateak magrebtarren aurka egindako adierazpenak direla eta, eta etorkin kolektibo batzuek laguntza sozialez baliatu nahi dutela esatea "bidegabea eta okerra" dela salatu du.

Lamarcaren esanetan, etorkinak "lan egiteko" eta "euren egoera hobetzeko" etortzen dira. "Laguntzak jasotzea erraza izango balitz, etorkin gehiago egongo lirateke Euskadin", esan du.

Hori dela eta, laguntza sozialak jasotzeko prozedura edo baldintzak eta Atzerritarren Legea aldatu behar direla uste badu, proposamenak Eusko Legebiltzarrean eta Espainiako Gorteetan aurkez ditzala esan dio Marotori.

Algortako erasoak

Bestalde, Arartekoak irmo arbuiatu ditu Algortako (Getxo) jaietan asteburu honetan jazotako eraso arrazistak, "giza eskubideen urraketa larriak" direla esanez. Sei gazte magrebtarri eraso zieten, eta horietatik hiruk Frantziako herritartasuna dutela eta ingeniaritza ikasleak direla zehaztu du Lamarcak.

Nolanahi ere, euskal gizartean "xenofobia eta arrazakeria maila oso txikia" dela defendatu du.

GALen biktimak

Espainiako Gobernuak GALen biktimei diru-laguntzak ukatu dizkiela eta, Arartekoak biktimen artean "ezberdintasunak ez ezartzea" eskatu du.

"Legeak hala dio, biktima hauek justizia eta aintzatespena jasotzeko eskubidea dute", azpimarratu du.