Itxi

Gizartea

Elkarrizketa

Eusko Jaurlaritzak Garoña behin betiko itxi behar dutela berretsi du

Erredakzioa

"Bere asmo guztiak bete ditu eta berriro irekitzea gehiegikeria izango litzateke", esan du Ana Oregi Ingurumen sailburuak Radio Euskadin.

Eusko Jaurlaritzak Garoña behin betiko itxi behar dutela esan du berriro. Ana Oregi Ingurumen eta Lurralde Politikaren sailburuak zentralaren inguruko "antzerkia" amaitzea eta hura behin betiko ixtea eskatu du; izan ere, "bere asmo guztiak bete ditu eta berriro irekitzea gehiegikeria izango litzateke", esan du.

Radio Euskadin elkarrizketatu dute Oregi, eta horrela erantzun dizkio asteartean Cristina Narbona Segurtasun Nuklearraren Kontseiluaren kontseilariak egindako adierazpenei. Narbonaren arabera, baliteke Nuclenorren interes ekonomikoek segurtasunarenek baino garrantzi handiagoa izatea, zentrala berriro irekiko duten ala ez erabakitzean.

Sailburuaren esanetan, kezkagarria da hori gertatzeko aukera egotea: "Eusko Jaurlaritzatik, beti esan dugu Garoñak bere asmo guztiak bete dituela eta lehen belauneko zentrala da".

60 urteko jarduera

Bere ustez, zentralaren bizitza luzatuko balute horren jarduera epea 60 urtekoa izan liteke, "eta hori gehiegikeria izango litzateke". "Ahotsa izan dugun foro guztietan itxiera eskatu dugu, baldintzarik gabe, baina antzerki moduko bat ari gara ikusten. Egun batean ixten dutela, hurrengoan berriro bilduko direla, eta azken urtea Garoñaren inguruan hitz egiten eman dugu".

Hori dela eta, Oregik esan du "nahikoa dela, gauzak seriotasunez egin behar direla eta Garoña itxi behar dutela; berriro esaten dut hori eskatzen dugula", nabarmendu du.

AHTren inguruan, kezka

Bestalde, Ana Oregik azpimarratu du Sustapen Ministerioak Euskadin Abiadura Handiko Trenaren eraikuntza oso garrantzitsua dela esaten duela, baina gero praktikan beste gauza bat egiten duela, eta ez diola lehentasuna ematen.

Sailburua kezkatuta azaldu da "Bergarako korapiloa"ren lanen aurrean; izan ere, Ministerioak sei tarteetako "bat bakarrik" lizitatu du. Gainera, erdialdeko tarteune bat da, eta, hortaz, ez dago operatiboa den tarteune osorik.

Esan duenez, "arazoa dugu denak ez badituzte lizitatzen; Madril eta Parisen arteko iragaiteak oztopatuta jarraituko luke".

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea