Itxi

Gizartea

Dokumentazioa

Ebola zer den ulertzeko gakoak

Erredakzioa

Birus bat da ebolaren eragilea, eta bost mota bereizi dira: Sudan, Zaire, Reston, Cote d'Ivoire (Boli Kosta) eta Bundibugyo. Horietatik, Sudan, Zaire eta Bundibugyo motakoek izurrite handiak eragin dituzte Afrikan.

  • Ebola zer den ulertzeko gakoak

    Ebola zer den ulertzeko gakoak

1.- Zer da? Birus bat da ebolaren eragilea, eta bost mota bereizi dira: Sudan, Zaire, Reston, Cote d'Ivoire (Boli Kosta) eta Bundibugyo. Horietatik, Sudan, Zaire eta Bundibugyo motakoek izurrite handiak eragin dituzte Afrikan.

Birusak eraldatu egiten ditu zelula endotelialak, hau da, odol-hodien barne-azala estaltzen duten zelulak. Odol-hodiei kalte egiten dienez, plaketak ezin dira gatzatu, eta gizakiek shock hemorragikoa izaten dute, odol ugari galduta.

2.- Noiz agertu zen? Ebolaren birusa 1976. urtean atzeman zuten aurrenekoz, Nzara (Sudan) eta Yanbuku (Kongo) herrietan aldi berean jazo ziren bi izurritetan. Bigarren herri hori Ebola ibaitik gertu dago; hortik dator gaixotasunaren izena.

3.- Nola kutsatzen da? Birusa animalia basatietatik gizakietara igarotzen da, eta, gizakien artean, gaixorik daudenen odola, likido organikoak edo ehunak ukituz kutsatzen da.

Gizakientzako infekzio iturri nagusia tximinoak izan dira, baina Pteropodidae familiako saguzarrak dira birusaren eroale naturalak.

4.- Sintomak: Sukar handia eta bat-batekoa; ahultasuna; mina muskuluetan, eztarrian eta buruan; oka egiteko gogoa; beherakoa eta zauriak larruazalean.

5.- Noiz ditugu lehen seinaleak? Oro har, 5 eta 10 egun artean pasatzen dira gaixotasuna kutsatzen denetik lehen sintomak agertu arte. Dena dela, kasu batzuetan 2 eta 21 egun artean igaro dira.

6.- Diagnostikoa: Batik bat gernuan azterketa eginez egiten da diagnostikoa. Gernuaren lagin horiek oso kutsakorrak dira, eta, beraz, kontu handiz kudeatu behar dira.

7.- Pronostikoa: Ebola gizakiak ezagutzen duen gaixotasun hilgarrienetakoa da. Heriotza-tasa % 25-90ekoa da. Lehen sintomak agertzen direnetik gaixoa hil arte, 2 eta 21 egun artean igaro litezke.

8.- Tratamendua: Ebolaren aurkako bi txerto onartuta daude jada. AEBn onartu zuten lehena, 2019ko abenduan: rVSV-ZEBOV. Europar Batasunak onartu zuen bigarrena, 2020ko uztailean: Zabdeno eta Mvabea etxeek saldutako Ad26.ZEBOV eta MVA-BN tratamendua (bi dosi ditu) Johnson & Johnson konpainiarena da.