Gizartea
Bilera Bruselan
'Ahalegin handiagoa' eskatu diote Hodei Egiluzen gurasoek Malmströni
Erredakzioa
Belgikan desagertutako gaztearen gurasoak Europako Batzordeko Barne komisarioarekin bildu dira. Malmströnek "maila goreneko erakundeen laguntza eta babesa" eskaini dizkie.
Hodei Egiluz gaztearen gurasoak Cecilia Malmström Europako Batzordeko Barne komisarioarekin bildu dira gaur, Bruselan, eta urriaren 19an Anberesen desagertu zen Galdakaoko gaztea bilatzeko "ahalegin handiagoa" eskatu diote Europako erakundeari.
"Europako erakundeetara ate-joka gatoz berriro erantzun, babes, laguntza eta ahalegin handiagoa eskatzeko", adierazi dio prentsari Pablo Egiluzek, Hodei Egiluz gaztearen aitak, Malmströmekin bildu ondoren egindako agerraldian.
Europako Batzordeko Barne komisarioak "maila goreneko erakundeen laguntza eta babesa" eskaini dizkio Galdakaoko gaztearen familiari, eta "lantalde bat" abiaraziko duela hitz eman du, Pablo Egiluzek azaldu duenez.
Halaber, Malmströmek adierazi die "desagertuak bilatzeko gure eskarmentuan oinarritutako protokoloa" bultzatzeko eskatuko diola EBko Gobernu berriari, bai eta Hodei Egiluzena "gertaera enblematikoa" izatea ere, "desagertuen bilaketan mugarria izango dena".
Berririk ez
Hodei Egiluzen aitak esan du azken asteetan ez dela berri aipagarririk izan, eta urriaren 19an Anberesko erdigunean egon zitezkeen balizko lekukoei laguntza eskatu die. "Hiritarren laguntza eta elkarlana eskatzen jarraitzen dugu", adierazi du.