Gizartea
Donostia
Gaur emango diote azken agurra Nestor Basterretxeari, Donostian
Erredakzioa
Haren aldeko hileta zibila egingo dute 20:00etatik aurrera, Zorroagako eliza zegoen eraikinean.
Nestor Basterretxea Arzadun eskultore, margolari eta zinemagileari azken agurra emango diote gaur, 20:00etatik aurrera, Donostian, antzina Zorroagako eliza zegoen tokian.
Hileta zibila 20:00etan hasiko da, eta artistari azken agurra eman nahi dion ororentzat irekita egongo da.
Bestalde, Basterretxearen errautsak Izaro uhartean botako dituzte, artistak hala eskatuta, haren senide batek Euskadi Irratian baieztatu duenez.
Nestor Basterretxea Arzadun larunbat goizaldean hil zen 90 urte zituela Hondarribiko (Gipuzkoa) Jaitzubiko Idurmendieta baserrian.
Basterretxea 1924ko maiatzaren 6an jaio zen, Bermeon (Bizkaia). 1936an, familiarekin erbesteratu zen, lehenengo Casablancara, eta, geroago, Argentinara.
1952an, Espainiara itzuli zen, eta Arantzazuko basilikako kriptaren pintura muralak egiteko lehiaketa irabazi zuen. Han Jorge Oteiza eskultorearekin harremanetan jarri zen.
50eko hamarkadaren amaieran, Espainiako abangoardiako talde garrantzitsuenetako kide izan zen (besteak beste, Oteiza, Chillida, Mendiburu, Ruiz Balerdi, Amable Arias eta Sistiaga kideekin batera): 57 Taldea eta Gaur. 1963tik aurrera, eta hamar urtez, diseinu industrialaren arloan garatu zuen lana, batik bat hotelak dekoratzen eta altzariak diseinatzen. Argazkilaritza esperimentala ere egin zuen, eta Bilbon haren erakusketa bat izan zen 1969an.
1982an, Basterretxearen zazpi adarreko arbola ordezkatzen zuen eskultura irabazlea izan zen ideien lehiaketan, Eusko Legebiltzarrak deituta, hemizikloan jartzeko. 1987ko irailean, lehenengo erakusketa indibiduala egin zuen Madrilen, Arte Garaikideko Espainiako Museoan. 140 pieza zituen antologiak, eskulturen, pinturen, marrazkien eta collageen artean, besteak beste.
1988an, Bakearen Usoa obra inauguratu zen, Donostiako Amara auzoan. Zazpi metroko altuera eta 9ko zabalera zuen. Bestalde, euskal artzainaren ohorez egindako eskultura (1989) jarri zuten Renon (AEB).
Eskulturaz eta margolaritzaz gain, ikus-entzunezkoen alorra ere jorratu zuen; H operazioa (1963), Pelotari (1964), Alquezar, pasioaren erretaula (1965) edota Ama Lur ( 1966) dira bere film labur ezagunenak.
Udazkenean Basterretxearen azken erakusketa zabalduko dute Donostian
Nestor Basterretxearen azken erakusketa zabalduko dute udazkenean Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean, "ilusio handiz prestatzen ari zen erakusketa", hain zuzen ere.
Hala iragarri du Gipuzkoako Foru Aldundiak larunbat honetan argitaratu duen ohar batean. Halaber, Diputazioak doluminak eman dizkie Basterretxearen senideei eta lagunei.
Bestalde, "Euskal Kosmogonia", Basterretxearen sorkuntzarik pertsonalena eta ezagunena dena, Gipuzkoako Batzar Nagusien osoko bilkuren aretoan eta atarian erakusgai dago modu iraunkorrean.