Gizartea
Herritarren Segurtasun Legea
Greenpeacek 'protesten kontrako legea' salatzeko ekimena egin du
Erredakzioa
Talde horretako kideak Moncloako Farora igo dira, Gobernuari "Herritarren Segurtasunerako Legearen kontrako mezu argia" helarazteko.
Greenpeaceko zenbait kide Moncloako Farora igo dira Ministroen Kontseiluak Herritarren Segurtasunerako Legea onartzeko bilera hasi duenean. Ekimen horren bidez, "protesten aurkako legea" salatu nahi izan dute.
Sara del Rio Greenpeaceko bozeramaileak azaldu duenez, Poliziak Greenpeaceko ekintzaile bat atxiki du. Beste lauk dorrea eskalatzeari ekin diote.
Igoeran, ekintzaileek legearen kontrako pankartak erakutsi dituzte; izan ere, horien iritziz, legeak "protesta baketsuak zigortzea" du helburu nagusi, eta "adostasun soziala eta argudio koherenteak" falta ditu.
Greenpeacek Moncloako Faroa Moncloako Jauregiaren aurrean dagoelako aukeratu du, eta Moncloan egiten ari dira, hain zuzen, Ministro Kontseiluaren bilera. "Herritarren Segurtasunerako Legearen kontrako mezu argia helarazi nahi diogu Gobernuari", esan dute prentsa ohar baten bidez.
Ekintzaileen arabera, legeak "ez die gizartearen beharrizanei erantzuten, Gobernuak protestak kontrolpean izateko duen beharrari baizik". Legeak "adierazpen askatasunak eta biltzeko eskubideak babesten dituzten protestak" zigortuko dituela gaineratu dute.