Gizartea
Cristina, auzipetua
Botin doktrina, infantaren salbatzaile?
Erredakzioa
Botin doktrinaren arabera, behin instrukzioa amaituta, salatzaile bakarra herri akusazioa baldin bada, prozesuak ezin du aurrera egin.
Jose Castro epailearen erabakiak ez du esan nahi Cristina Borboikoa epaitu egingo dutenik. Hori argitu aurretik, prozesuan dauden alde guztiek euren iritzia jakinarazi behar dute, eta parte bat behintzat infanta akusatzearen alde agertu behar da.
Fiskaltzak eta Estatuaren Abokatutzak ez dute hori egiteko asmorik, eta hortxe dago koska.
Botin doktrinaren arabera, behin instrukzioa amaituta, salatzaile bakarra herri akusazioa baldin bada, prozesuak ezin du aurrera egin.
Horri esker geratu zen bertan behera Santanderreko presidentearen aurkako epaiketa. Infantaren kasuan ere, Botin doktrina aplikatzen bada, ez da epaiketa izango.
Baina Atutxa doktrina ere aplikatu diezaiokete Cristinari. Kasu horretan, gerta daiteke herri akusazioarekin bakarrik aurrera egitea, delituaren izaera interes kolektiboaren aurkakoa bada.
Horri helduta kondenatu zuten Eusko Legebiltzarreko presidente ohia, desobedientzia delitua leporatuta, interes kolektiboa zegoelako jokoan, nahiz eta akusazioa Manos Limpias baino ez izan.
Infantari delitu fiskala eta kapitala zuritzea egozten diote. Palmako Lurralde Auzitegiak erabaki behar du delitu partikularrak edo kolektiboak diren. Atutxa edo Botin doktrinen arteko hautua egin behar du. Orduan jakingo dugu, epe motzean, infantak Iñaki Urdangarinen bide bera egiten duen ala ez.