Gizartea
Zentral nuklearra
Garoña urtebetez zalantzan jartzea eternitatea da, De Andresen ustez
Erredakzioa
Arabako ahaldun nagusiaren aburuz, zentral nuklearra "betirako ixtea" da zuhurrena. Zonaldeko hamaika alkatek balizko irekiera zaintzeko eskatu diote EBri.
Javier de Andres (PP) Arabako ahaldun nagusiak gaur adierazi du Garoñako zentral nuklearraren etorkizuna urtebetez zalantzan jartzea "eternitate bat" dela hiritarrentzat, eta egokiena betirako ixtea dela azpimarratu du.
Diputatuen Kontseiluaren bileraren ostean egindako adierazpenetan, De Andres zentral nuklearraren etorkizunaren inguruan mintzatu da. Izan ere, Garoñaren jabe den Nuclenor enpresako Administrazio Kontseiluak esplotazio baimena berritzeko eskatu dio Gobernuari, Burgosko zentralak 60 urte bete arte, 2031n.
Gaur, zentralaren inguruko hamaika herritako alkatek Garoña berriro irekitzeko prozesua ikuskatzeko eskatu diote Bruselari, horrek ekar lezakeen arriskua dela eta.
Arabako ahaldun nagusiak azaldu du "ziklo aldaketa" bat eman dela zentralari begira, eta Garoñak berriro irekitzeko baldintzak betetzen ote dituen ikusteko Gobernuak aurreikusi duen urtebeteko epea gehiegizkoa dela uste du.
Jose Manuel Soria Industria, Energia eta Turismo ministroak adierazi zuen Segurtasun Nuklearrerako Kontseiluaren baimena behar dela zentrala ireki edo ez erabakitzeko, eta urtebete inguru beharko dela eskaerari buruzko txostena aurkezteko.
De Andresek gehitu duenez, Segurtasun Nuklearrerako Kontseiluaren eta Espainiako Gobernuaren zalantzak "ez dira txikiak", eta, horregatik, zuhurrena Garoña "behin-betiko ixtea" dela adierazi du, hiritarrei "bermeak eta konfiantza" eman behar baitizkie zentral nuklear batek.