Itxi

Gizartea

Desagerpena

Hodei Egiluzen ama: 'Nire semea bizirik dago, ziur nago'

Erredakzioa

Hodeiren amak semea bizirik dagoela uste du, baina ez daki zer gertatu zen gaztea desagertu zen egunean. "Nire bihotza leher egiteko zorian dago. Ikaragarria da", onartu du gaztearen aitak.

Hodei Egiluzen ama

Koro Diaz Hodei Egiluzen amak bere semea bizirik dagoela uste du. "Bizirik dagoela ziur nago, baina ez dakit egun horretan zer gertatu zen", adierazi du VTM Belgikako telebistan, elkarrizketa batean.

"Zazpi hilabete sufritzen daramazkigu. Nire bihotza leher egiteko zorian dago. Ikaragarria da", onartu du Pablo Egiluz gaztearen aitak. "Bilatzeko prest gaude, gutxienez gertatutakoaren berri izateko. Nahi dugun gauza bakarra da", azaldu dute biek.

Semea Belgikan edo gertuko herrialderen batean "galduta" dagoela uste dute gurasoek. "Aurkitzen laguntzea nahi dugu bakarrik. Laguntza behar dugu", eskatu du aitak.

Irudiak 04:30ean

Duela zazpi hilabete eta bederatzi egun Amberesen (Belgika) galdu zen gazte galdakaoztarraren kasuak norabide berri bat hartu du; izan ere, lekuko berriak agertu dira eta Hodei desagertu zen egun hartan 04:30ean ikusi zutela adierazi dute.

Are gehiago, Hodei Egiluz tabernen kalean ikusi zuten eta laguntza eske joan omen zitzaien. Gaineratu dutenez, etengabe atzera begiratzen zuen norbait atzetik jarraika izango balu bezala. Halaber, bortxatu egingo zutela eta bakarrik ez uzteko eskatu omen zieten. Adierazpen horiek Belgikako telebistan egin dituzte lekuko berriek, hain zuzen ere, asteazken gauetan Poliziaren kasuak aztertzen dituzten saioan.

Gazteen esanetan, Poliziari edo taxi bat deitzea proposatu zioten, baina erantzuten ez zuela ikusita, bertatik alde egitea erabaki zuten.

Hodei Egiluzen kasuari arreta berezia eskaini dio Belgikako telebistak. Poliziaren kasuak aztertzen dituen saio bat eskaintzen du kateak asteazken gauetan, eta Hodei Egiluzen kasua aztertu dute.

Euskal kultura

Euskal kulturako berrogeita hamar pertsona inguruk eskutitzak eta bertsoak bidali dizkiete Belgikako agintariei Hodei Egiluz bilatzen jarraitzeko eskatzeko.

Aipaturiko idatziak Gernikako Euskal Herria Museoan eta Balmaseda erdiguneko plaza batean erakusgai jarriko dituzte igande honetan, Bizkaiko ikastolen Ibilaldia jaiaren eta Euskal Eskola Publikoaren jaiaren harira.