Itxi

Gizartea

Desagerpena

Lekuko berrien agerpenak Hodei Egiluzen kasua irauli du

Erredakzioa

Hiru gaztek adierazi dute 04:30ean tabernen kalean ikusi zutela Hodei Egiluz, eta laguntza eske joan zitzaiela.

Duela zazpi hilabete eta bederatzi egun Amberesen (Belgika) galdu zen Hodei Egiluz gazte galdakaoztarraren kasuak norabide berri bat hartu du; izan ere, lekuko berriak agertu dira eta Hodei desagertu zen egun hartan 04:30ean ikusi zutela adierazi dute.

Are gehiago, Hodei Egiluz tabernen kalean ikusi zuten eta laguntza eske joan omen zitzaien. Gaineratu dutenez, etengabe atzera begiratzen zuen norbait atzetik jarraika izango balu bezala. Halaber, bortxatu egingo zutela eta bakarrik ez uzteko eskatu omen zieten. Adierazpen horiek Belgikako telebistan egin dituzte lekuko berriek, hain zuzen ere, asteazken gauetan Poliziaren kasuak aztertzen dituzten saioan.

Gazteen esanetan, Poliziari edo taxi bat deitzea proposatu zioten, baina erantzuten ez zuela ikusita, bertatik alde egitea erabaki zuten.

Hiru lekuko horiez gain, lekuko gehiago egon daitezkeela uste du Poliziak; izan ere, gau horretan scout festibal bat ospatu zen eta goizaldeko ordu horretan gaztez beteta zegoen ingurua. Gazte horietako asko atzerritarrak ziren, eta hori dela eta Hodei Egiluzen argazkia nazioarteko hedabideetan zabalduko dute, lekuko berrien bila.

Bestalde, segurtasun kameren irudiak aztertuko dituzte, aztarna berrien bila.

Orain arte, Hodei Egiluzen arrastoa kai inguruan galdu zela uste zuten ikerlariek, segurtasun kameren irudietatik abiatuta. Lekuko berriek 04:30 inguruan Hodei Egiluz tabernen kalean ikusi zutela adierazi dute, eta, beraz, ikerketak beste norabide bat hartu du.

 

Hodei Egiluzen kasua Belgikako telebistan

Hodei Egiluzen kasuari arreta berezia eskaini dio Belgikako telebistak. Poliziaren kasuak aztertzen dituen saio bat eskaintzen du kateak asteazken gauetan, eta Hodei Egiluzen kasua aztertu dute.

Hodei Egiluzen desagerpenaren inguruan datu berriak iragarri du Belgikako telebista kateak, besteak beste, segurtasun-kamera batek hartutako irudiak eta lekuko baten testigantza oinarri hartuta.

Argitu gabe dauden kasuen inguruko informazioa eskaintzen du telebistako saioak, eta herritarren laguntza eskatzen dute kasu horiek argitzeko.