Gizartea
Garoñako zentral nuklearra
Araba Garoñarik Gabe taldeak Europara eramango du zentralaren auzia
Erredakzioa
Europar Batasunak Garoñako zentral nuklearraren balizko irekiera prozesua ikertzea eta gainbegiratzea lortu nahi du kolektiboak.
-
Garoñako zentral nuklearra. Argazkia: EiTB
Europar Batasunak Garoñako zentral nuklearraren balizko irekiera prozesua ikertzea eta gainbegiratzea lortu nahi duela iragarri du ostegun honetan Araba Garoñarik Gabe plataformak. Horren iritziz, Garoña berriz irekitzea arriskutsua litzateke inguruko bizilagunentzat.
Plataforma horrek urteak daramatza Gasteiztik 40 kilometrora dagoen Garoñako zentral nuklearra behin betiko ixtea lortzeko lanean. Kolektiboak salatu duenez, 2012tik itxita dagoen zentral nuklearra ireki nahi dute Endesak eta Iberdrolak.
Garoñarentzat operazio lizentzia eskatuko zutela iragarri zuen astelehenean Borja Prado Endesako presidenteak. Endesak eta Iberdrolak kudeatzen dute Garoñako zentral nuklearra Nuclenor sozietatearen bitartez.
Uztailaren 6ra bitarteko epea dute zentralaren jarduera luzatzeko, lizentzia berririk eskatu gabe.
Alberto Frias Araba Garoñarik Gabe plataformako bozeramaileak "burugabetzat" jo du Endesako presidentearen iragarpena zentral nuklearrak dituen "egiturazko arazo larriak" tarteko.
Friasek adierazi duenez, Europak Garoñaren balizko irekiera prozesua gainbegiratu dezan lan egingo du Araba Garoñarik Gabe plataformak. Horren esanetan, "Europar Batasunak proposatutako esfortzu probek berekin dakartzaten neurriek ez dute Garoñaren irekiera ahalbidetzen".
Araba Garoñarik Gabe elkarteak zentral nuklearrari buruzko txosten bat bidali dezake Europako Batzordera, baina gero batzordeak berak erabaki beharko du ikerketa batzorde bat ireki ala ez.
Bestalde, Auzitegi Gorenak Garoña irekitzearen aurkako helegitea tramitera onartzea goraipatu du.