Itxi

Gizartea

Ezbeharra

68 lagun zauritu dira Sadarren, harmaila erorita

Erredakzioa

Inor ez da larri zauritu, baina 10 pertsona Nafarroako Ospitalera eraman behar izan dituzte.

Gutxienez 68 pertsona zauritu dira Iruñeko Sadar futbol zelaian, hegoaldeko harmaila erorita. Inor ez da larri zauritu, baina 10 pertsona Nafarroako Ospitalera eraman dituzte, Osasunak Gurutze Gorriko iturriak aipatuz jakinarazi duenez.

Nafarroako Gobernuko iturriek jakitera eman dutenez, inor ez da larri zauritu jende-pilaketan.

Hamar pertsona Iruñeko Ospitalera eraman dituzte, kolpeak edo hausturaren bat zutela. Gurutze Gorriko eta Nafarroako Larrialdi Zerbitzuetako langileek hainbat lagun artatu dituzte Sadar estadioan bertan.

Osasunaren lehen golaren ospakizunean, hegoaldeko harmailako hesia behera erori da, zaleen presioari eutsi ezinik, eta hainbat ikusle zelaira erori dira. Erorketa horren ondorioz zauritu dira guztiak.