Gizartea
Kanpaina
Sinadura bilketa, Legebiltzarrari frackinga debekatzea eskatzeko
30.000 sinadura jaso nahi dituzte, ekimena Eusko Legebiltzarrera eraman eta EAEn teknika hori erabiltzea debekatzeko.
-
Fracking ez Araba, manifestazioa
Fracking Ez plataformak sinadura bilketa bat jarri du martxan. 30.000 sinadura jaso nahi dituzte ekimena Eusko Legebiltzarrera eramateko eta frackingaren teknika EAEn debekatzeko.
Bigarren aldiz eskatuko dute Eusko Legebiltzarra teknika polemiko horren aurka azaltzea, legegintzako herri-ekimen baten bitartez.
2013 hasieran egin zuten lehen aldiz eskaria, eta Legebiltzarreko Mahaiak ez zuen onartu. Urte horretako abenduan berriz saiatu ziren eta kasu horretan bai, izapidetzeko aukera eman zioten.
Legegintzako herri-ekimena eztabaidara eramateko, 30.000 sinadura baino gehiago lortu behar dituzte.
Euskadiko frackingaren aurkako plataforma guztiak daude herri-ekimenaren atzean eta kanpaina bat jarri dute martxan babesak lortzeko. Nolanahi ere, ez dute nahikoa izango 30.000 sinadura lortzearekin, atxikimendu "askoz gehiago" lortu nahi dituztelako, alderdi politikoek gaiaren inguruan interesa erakutsi dezaten.
Mikel Otero Arabako Fracking Ez plataformaren bozeramaileak esan duenez, lau eta sei hilabete arteko epea dute frackingaren inguruko "kaleko azterketa" egiteko.
Frackingaren aurkako taldeetako kideen esanetan, 2013 hasieran Eusko Legebiltzarrean lehen herri-ekimena aurkeztu zutenean, frackinga ez zegoen autonomia erkidego bakar batean debekatua, baina Kantabrian, Errioxan eta Nafarroan dagoeneko debekatu dute. Gainera, Katalunian "ezin da erabili".