Itxi

Gizartea

Andina Pereiraren hilketa

Andinaren bi seme-alabak, krimen matxistaren beste biktimak

Erredakzioa

10 eta 14 urteko bi seme-alabak Bizkaiko Aldundiaren esku daude orain, adingabeentzako zentro batean, Brasildik senideak datozen bitartean.

  • Irudirik gabe

    Irudirik gabe

Hogeita hamabost urteko emakume brasildar bat, Andina Pereira, hil dute, eta horren bi seme-alabak, Amanda eta Marcos (10 eta 14 urtekoak), umezurtz geratu dira, astelehen honetan Mungian (Bizkaia) jazotako krimen matxistaren ondorioz.

Umeak dira, hain zuzen ere, gure gizartearen gaitz honetako biktima ahaztuak.

Bizkaiko Aldundiko zerbitzu sozialak egin dira seme-alaben kargu,  Brasildik senideak iristeko zain, haietaz arduratzeko.

Izaskun Uriagereka Mungiako alkateak "Boulevard" Radio Euskadiko saioan azaldu duenez, Udalaren zerbitzu sozialek artatu zituzten atzo bi umeak, eta, ondoren, Bizkaiko Foru Aldundiaren esku geratu ziren. Orain, adingabeentzako zentro batean daude.

Alkatearen esanetan, Andinak Mungian zituen senide bakarrak seme-alabak ziren, gainerakoak Rio de Janeiron bizi direlako. "Atzo Brasilen bizi den neba batekin hitz egin ahal izan nuen; [senideen erabakiaren] zain gaude orain", adierazi du.

Uriagerekak gaitzetsi egin du krimena, eta "gaitz" honen aurka "emakumezkoek zein gizonezkoek" egin behar dutela borroka nabarmendu du.

 

-----------

Tratu txarrak pairatzen badituzu, jarraitu gida honetako aholkuak edo deitu 016 edo 900 840 111 telefonoetara. Doakoak dira eta ez dute aztarnarik uzten fakturan.