Itxi

Gizartea

Emakumeen aurkako indarkeria

Emakume bat hil du ustez bikotekide ohiak, Mungian

Erredakzioa

Bikotekidea atxilotu dute, gertaeren egilea izatea leporatuta. Biktimak bi seme-alaba adingabe zituen.

2:30
Irudirik gabe

Emakume bat, Andina Pereira (35 urtekoa eta Brasilgoa), hilik aurkitu dute astelehen honetan Mungian (Bizkaia), indarkeria zantzuekin. Antza denez, bikotekide ohiak hil du, eta Ertzaintzak atxilotu egin du.

Segurtasun Sailak baieztatu duenez, krimen matxista kasua izan da; aurtengo lehenengoa Euskadin.

Atxilotutako gizonezkoa Zamudiokoa (Bizkaia) da, eta aurreko bikotekide bati tratu txarrak emateagatik ere inputatuta dago, EiTBk jakin duenez.

Gertaerak 13:15ean izan dira, Iturribide kalean, hildako pertsonaren senide batek 112 SOS deiaki deitu dionean, emakume bat bere etxeko gelan konorterik gabe zegoela jakitera emanez.

Ertzaintza eta anbulantzia bat bertaratu dira. Medikuak emakumea erreanimatzen saiatu dira, baina ez dute lortu. Ertzaintzak ikerketa bat abiarazi du heriotza argitzeko asmoz, emakumeak indarkeria zantzuak dituelako. Bikotekidea atxilotu dute, gertaeren egilea izatea leporatuta. Biktima brasildarra da. Gainera 14 urteko semea eta 10 urteko alaba zituen.

Indarkeria matxistagatik aurten Euskadin hil den lehenengo biktima da.

Hildako emakumearen lagun bat: "Beti zuen irribarrea ahoan"

Mungian hil den emakumearen lagun batek esan du biktima "oso neska ona, oso langilea" zela, "beti zuen irribarrea ahoan".

Kleirek azaldu duenez, biktima senar ohiagandik (krimenaren susmagarri nagusia da) separatu zen, baina "ez zuen lasai uzten", gaineratu du.

"Ikusita zegoen", esan du lagunak triste, emakumeak harremana haustea eta beste pisu batera joan ostean gizonezkoak egindako jazarpena nabarmendu ostean.

"Oso ondo eramaten zen jendearekin", azaldu du Kleirek. Azkenekoz, igandean izan zen berarekin.

Mungiako Udalak justizia eskatu du

Mungiako Udalak "gaitzespenik indartsuena" azaldu du ustez bikotekide ohiaren eskuetan hil den emakumeagatik, eta, biktimaren izenean, justizia eskatu du krimenaren ustezko egilearentzat.

Bozeramaileen mahaiak ohiz kanpoko bilera bat egin du biktimaren hilketaren ostean.

Udalak akusazio partikular moduan aurkezteko erabakia hartu du, "Andima familiaren eskubideak babesteko eta Mungia herriaren ordezkaria izateko izenean justizia eskatzeko asmoz".

Alderdiek "elkartasun eta gertutasun osoa" azaldu dute emakumaren bi seme-alabekin, baita haren senide eta lagunekin ere, eta behar ahal izango dituzten baliabide guztiak eskaini dizkiete. Halaber, kontzentrazio bat deitu dute, astearte honetarako, 19:00etan.

Emakundek indarkeriaren errefusapena adieraztera animatu ditu herritarrak

Emakundek emakumearen euskal institutuak Mungian hildako emakumearen aurrean "gaitzespenik handiena" erakutsi du, eta herritarrak genero-indarkeriaren errefusapena adieraztera animatu ditu.

Emakunderen hitzetan, emakumeen aurkako indarkeria "emakumeen eta gizonezkoen arteko desberdintasunaren sinbolotik basatiena" da egungo gizartean.

 

-----------

Tratu txarrak pairatzen badituzu, jarraitu gida honetako aholkuak edo deitu 016 edo 900 840 111 telefonoetara. Doakoak dira eta ez dute aztarnarik uzten fakturan.