Gizartea
Anberes, Belgika
Hodeiren senide eta lagunek bilaketari eusteko eskatu dute
Erredakzioa
Galdakaoztarra desagertu zenetik 150 egun bete diren honetan, zenbait ekitaldi egin dituzte, prentsaurreko bat eta hiriko Groen plazan Hodeiren omenezko elkarretaratze bat.
Hodei Egiluz orain dela 150 Anberesen desagertutako euskal gaztearen gurasoek, senideek eta lagunek bilaketari eusteko eta kasua ahanzturan ez galtzeko eskatu dute hiri Belgiarrean. Igande honetan, aldarrikapena Bruselara eramango dute.
"Anbereseko hiritarrei, Poliziari eta agintariei oroitarazi nahi diegu Hodeik galdurik jarraitzen duela eta ikerketei eustea nahi dugula eta ez ahanzturan galtzea", esan du Koldo Ezkerra Hodei Bila elkarteko bozeramaleak.
Elkarte horretako 60 pertsona baino gehiagok, Belgikan bizi diren lagunekin batera, Anbereseko kaleak zeharkatu dituzte, lau taldetan bananduta, eta Egiluzen kartelak jarri dituzte han-hemenka, "Missing" (desagertuta, ingelesez) eta telefono zenbaki bat erakutsiz.
"Gure helburua ikerketa ez eteteko eskatzea da, Hodei aurkitu arte ez etsitzeko, eta bultzada bat emateko etorri gara", esan Agustin Salvador senideen lagun batek.
Besteak beste, Ibon Uribe Galdakaoko alkatea; herri horretako zenbait zinegotzi; Marta Marin Euskadiko ordezkaria Europar Batasunean eta desagertutako gaztearen gurasoak Joeri Dillen Anbereseko Udaleko kalbinete-buruarekin bildu dira.
Gaur, egunean zehar, zenbait ekitaldi egin dituzte, hala prentsaurreko bat, nola Groen plazan Hodeiren omenezko elkarretaratze bat.
Azkenik, taldea Brouwersvliet-en instalatutako "Argiaren Zuhaitz"era gerturatu da "sinbolo bat delako guretzat, Hodei desagertu zen lekutik hurbil dagoelako", esan du Ezquerrak. Bertan, kandelak piztu dituzte eta isilune bat egin dute.