Gizartea
Denboralea
Euskal kostaldeak eutsi egin dio enbatari
Erredakzioa
Bilboko itsasadarrak gainezka egin du, Elorrieta eta Zorrozaurre artean. Santa Klara uhartean 120 km/h-ko haizeteak izan dira.
Euskal kostaldea jasaten ari den olatu denboraleak batez beste 9,37 metroko olatuak utzi ditu Donostian, baina, behin arratsaldeko itsasgora pasatuta, ez du kalte larririk eragin.
Donostiako suhiltzaileen eta Segurtasun Sailaren arabera, ez da uholde egoerarik ezta kalterik ere izan, otsailaren 2an izandako denboralearekin alderatuta. Ordukoak ere marea biziekin bat egin zuen.
'Zero maila'
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak Larrialdi Plana larrialdi aurreko faseko zero mailan ezarri du. Alerta-egoeraren aurreko lehen urratsa da, arratsaldean denboralea iristearekin batera olatu handiak izatea espero baitute. Astearte goizeko bederatziak arte, 10 metrorainoko olatuak espero dituzte.
Segurtasun Sailak azaldu duenez, olatu handiez gain, marea biziak ere izango dira, batez ere astearte goizaldean. Hori dela eta, otsailaren 2an euskal kostaldea astindu zuen denboralearen ondorio "berdinak edo larriagoak" izan ditzake datozen orduotan euskal kostaldera iritsiko den denboraleak.
Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak esan duenez, astelehenean olatuen altuerak gora egingo du "azkar", eta 7-8 metroko olatuak izatetik 9-10 metrokoak izatera pasatuko da. Horregatik, lehen orduetarako alerta laranja ezarri dute, eta, 16:00etatik aurrera, alarma gorria izango da.
Itsasgora, unerik kritikoenetakoa, 18:15ean izan da. Hala ere, Segurtasun Sailak iragarri duenez, olatu altuenak espero direnean, astelehen gauerdian, itsasbehera izango da.
Bestalde, Santa Klara uhartean 120 km/h-ko haizeteak izan dira, Euskalmet euskal meteorologia agentziaren arabera. Matxitxakon 137 km/h-ra heldu dira, eta Punta Galean 103 km/h-ra.
Bilboko itsasadarrak, gainezka
Bilboko itsasadarrak gainezka egin du, Elorrieta eta Zorrozaurre artean, eta hamar zentimetroan gainditu du ubidea, Bilboko Udaletik jakitera eman dutenez.
Olatuek hormigoizko hiru bloke mugitu dituzte Bermeon
Arratsaldeko olatuek hormigoizko hiru bloke mugitu dituzte Bermeoko kai-muturrean, eta ura arrantzaleen lonjatan sartu da berriro, Udaletxetik jakitera eman dutenez.
Hasiera batean, olatuen eragina, itsasgora hasi eta ordubetera, aurreikuspenen barruan sartu da, iturri berberen arabera.
Neurriak Gipuzkoan
Bermeon, porturako sarbidea 16:00etatik itxita zegoen, eta itsasontziak Bilboko itsasadarrera eraman dituzte. Zarautzen, malekoia asteazkeneko eguerdira arte itxi dute.
N-634 errepidea itxita dago, denboralearen ondorioz, Zarautz eta Zumaia artean, Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.
Donostian, Kursaaleko zubia eta Salamanca Pasealekua itxi dituzte. Halaber, Donostiako Krisi Mahaiak Mundaizeko zubia guztiz ixtea eta Santa Katalinakoa zentrorako norabidean ixtea erabaki du, olatuaren altueraren ondorioz. Arratsaldeko 20:00etan Kursaaeko zubia bakarrik utzi dute itxita.
Añarbeko presa itxita dago, Urumea ibaiari emaria eman gabe, isats ekologikoa izan ezik, denborale garrantzitsua dela eta.
Denboraleak indarrean jarraituko du asteartean
Asteartean, alarma gorriak goizeko 09:00ak arte jarraituko du, eta ordutik eta gaueko bederatziak arte alerta laranja ezarriko dute. Olatuen altuera jaisten joango da; goizean 9-10 metrokoak izatetik arratsaldean bost metrokoak izatera igaroko da. Itsasgora 18:52an izango da.
Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak iragarri duenez, asteartean, halaber, abisu horia ezarriko dute, batez ere kostaldean, orduko 100 kilometrotik gorako haize-boladak espero baitituzte.