Gizartea
Denboralea
Euriteengatik abisu horia ezarri dute Gipuzkoan eta Bizkaian
Erredakzioa
Aurtengo egunik euritsuenetakoa da gaurkoa: gaurtik bihar goizaldera bitartean, Kantauri ertzeko hainbat tokitan, metro karratuko 60 litro botako ditu.
Bizkaian eta Gipuzkoan abisu horia ezarri du Segurtasun Sailak, botatzen ari den eta datozen orduotarako espero diren euriteengatik. Olatuei dagokienez, berriz, itsasoa baretu egin da azken orduotan, eta laranjatik horira jaitsi dute alerta.
Eusko Jaurlaritzako Larrialdietarako Zuzendaritzak ohar batean jakinarazi duenez, bihar ere euri asko egitea aurreikusten da, eta beraz, abisu horiari bihar arte eutsiko diote, gutxienez. Itsasoa, berriz, berriro zakartu egingo da eta alerta laranja ezarriko dute bihar arratsaldetik aurrera, zazpi metrorainoko olatuak espero baitira, batez ere, arratsalde-iluntze partean.
Aurtengo egunik euritsuenetakoa da gaurkoa: gaurtik bihar goizaldera, Kantauri ertzeko hainbat tokitan, metro karratuko 60 litro botako dituela esan dute Jaurlaritzako meteorologia zerbitzukoek. Arratsaldetik aurrera botako du euri gehien.