Itxi

Gizartea

Olatu denboralea

Bermeoko portuan jarritako blokeek eutsi egin diote enbatari

Erredakzioa

Behin-behineko egiturak galarazi egin du olatuek portuan barrena egitea. Ura lokal batzuetan baino ez da sartu.

  • Hormigoi-blokeak Bermeoko portuan. EiTB

    Hormigoi-blokeak Bermeoko portuan. EiTB

Igandeko denboraleak Bermeoko kaian egindako kalteak estaltzeko jarritako hormigoizko eta harrizko blokeek eutsi egin diote enbatari, eta olatuek portuan barrena egitea galarazi dute.

Egitura behin-behinekoa da, kaia konpondu arte, baina atzoko denboraleak kalte handiagorik ez egitea lortu du, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailetik adierazi dutenez.

Harritzar horiek olatuak hautsi dituzte, eta ura arrantzaleen lokal batzuetan baino ez da sartu.

Olatuak hausteko xedez, blokeak angeluan jarri dituzte. Batzuk mugitu egin dira, itsasoak bultzatuta, eta ura zirrikituetatik sartu da, baina indar txikiagoarekin.

Antonio Aiz eta Almudena Ruiz Eusko Jaurlaritzako Garraio sailburuordea eta Azpiegitura zuzendaria Bermeoko portuan izan dira gaur goizean, kaiaren egoera bertatik bertara ikusteko.

Eusko Jaurlaritza behin betiko lanak nola egin aztertzen hasi da.