Gizartea
'Luno' ontzia, zatituta
Agintariak eta armadorea 'Luno' ontzia nola atera aztertzen ari dira
Erredakzioa
Goizaldeko olatuen eraginez, hirutan zatituta dago orain 'Luno' zamaontzia, Angelu parean.
Baionako suprefeturak bilera egingo du ostegun honetan 'Luno' zamaontziaren armadorearekin, atzo Angeluko hondartzaren parean zatitu zen zamaontzia nola errekuperatu aztertzeko. Bilera horretan plan bat aurkeztea aurreikusten da.
Goizaldean ontzia hiru zatitan hautsi da, ontziaren popan zegoen kabina kaskotik bereizi eta hondoratu egin da.
"Pilota armadorearen teilatuan dago orain", nabarmendu du Atlantikoko Itsas Prefeturako bozeramaileak, Lionel Delort kapitainak. Delortek adierazi duenez, bera da itsasoko trafikoa berrezartzeko egin beharreko lanen arduradun legala.
"Orain arte armadoreak modu positiboan erantzun die Frantziako agintarien eskariei", adierazi du. Bestalde, Smit Salvage enpresa herbeheretarra aukeratu dute zamaontzia errekuperatzeko. Armadoreak bere eginbeharrak beteko ez balitu, Frantziako Gobernuak bere gain hartuko lituzke zamaontzia errekuperatzeko lanak, baina gastuak armadoreak ordainduko lituzke.
Lehen aipaturiko bilera egin aurretik, Itsas Prefeturak bidalitako adituek ontziaren branka ikuskatuko dute.
Ontziaren brankan dago erregai gehiena, eta goizaldean egin duten lehen ikustaldian baieztatu dute ez dagoela isuri handi baten zantzurik.
Branka dagoen tokitik ehun metrora dago zamaontziaren popa, eta gaur goizean bitan zatitu da. Dena den, zamaontziaren alde horretan "ez dago gai kutsagarririk", Delorten arabera.
Bestalde, ostegun gauean itsasoaren egoera okertu egingo dela diote eguraldi iragarpenek, eta, Delorteren esanetan, egunak beharko dituzte ontzia errekuperatzeko.
Ontzi barruan zihoazen 12 lagunak (11 marinelak eta portuko gidaria) onik erreskatatu zituzten atzo, eta gaur jendarmeen aurrean deklaratu beharko dute.