Gizartea
Alerta laranja
Haizeak 11 hegaldi bertan behera utzi ditu Loiuko aireportuan
Erredakzioa
Bestalde, haize-bolada bortitzek adineko bi emakume lurrera bota eta zauritu dituzte Leioan eta Bilbon. Muskizen, Leioan eta Sestaon argindarrik gabe geratu dira une batzuetan.
Eguraldiak ez du oraindik atseden emango EAEn. Igandean olatu denborale bortitza izan zen, asteartean haize-bolada indartsuak, asteazkenean berriz ere olatuak barra-barra, eta gaur Eusko Jaurlaritzak berriz ere ezarri du alerta laranja. Urduñan 130 kilometro orduko bolada jazo da.
Haize-bolada indartsuak direla eta hamar hegazkin desbideratu behar izan dituzte; izan ere, ezin izan dute Bilbon lur hartu. Era berean, denboraleak 11 hegaldi bertan behera utzi ditu Loiuko aireportuan, desbideratu dituzten hegazkinenak eta Santiagoko beste bi.
Munich (Alemania), Valentzia eta Palmatik zetozen hiru hegaldi Iruñeko aireportura desbideratu dituzte, AENAko iturriek jakitera eman dutenez.
Bruselatik zetorren hegazkinak Tolosan (Frantzia) lur hartu du, eta Madriletik eta Palmatik zetozen bi hegaldi Zaragozan lurreratu dira.
Gainera, Madril-Bilbo Iberiako hegaldia eta Bartzelona-Bilbo Vueling konpainiako hegazkinak jatorriko aireportura itzuli eta bertan behera geratu dira, baita Bilbotik atera behar zirenak ere.
Londresetik zetorren Vueling konpainiako beste hegaldi bat Bartzelonara desbideratu behar izan dute, eta baita Madriletik zetorren Iberiako bat ere.
Santiagotik zetorren hegaldia bertan behera geratu da, Galiziako aireportutik aireratzerik izan ez duelako.
Bi zauritu
Bestalde, adineko bi emakume zauritu dira arratsaldean, Leioan eta Bilbon. Haize-bolada bortitzek lurrera bota dituzte, Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.
17:00ak aldera 80 urteko emakume bat lurrera bota du haizeak, eta buruan kolpea hartu du Leioako Estartetxe kalean. Gurutzetako ospitalera eraman behar izan dute.
19:40 aldera, adineko beste emakume bat lurrera erori da Bilboko Erribera kalean. Aldakan min hartu du biktimak, eta Basurtuko ospitalera eraman dute.
Arazoak
Bestalde, haizeak itsasadarrean porturatuta zegoen garabi baten sokak hautsi ditu Erandion. Garabia atoian eraman eta beste ontzi batekin lotu dute kalteak eragozteko.
Artazaganen (Leioa), Muskizeko San Julian auzoan eta Sestaoko Karrantza kalean argindarrik gabe geratu dira une batzuetan.
Azkenik, 20:45 aldera Loiuko aireportuko irteeren terminalera sartzeko errepidea itxi dute, taxien aparkalekuan teilatuko metalezko plakak erori direlako.
Alerta naranja haizeteengatik
Bestalde, Jaurlaritzak beste alerta laranja bat ezarri du ostiral honetako 21:00etatik larunbateko 09:00ak arte, haizea dela eta, eta beste bat larunbateko 15:00etatik 24:00etara, olatuak direla eta.
Asteazkenean, olatu denboralea ez zen igandekoa bezain kaltegarria izan, kostaldean alerta laranja zegoen arren, baina Bermeon uholdeak izan ziren arrantzaleen lonjetan.
Herri horretan, igandeko denboralearen ostean premia handiz jarritako bloke gehienek eutsi egin zioten itsasoaren enbatari.
Ezbeharrak denboraleagatik
Telebistako kamerari bat zauritu zuen olatu batek Donostiako Salamanca pasealekuan, DYAk eta lekukoek jakitera eman zutenez. 18:45 aldera, biktima denboralea grabatzen ari zenean, olatu handi batek harri-lubeta gainditu zuen eta Salamanca pasealekuan sartu zen. Olatuak zenbait lagun aurretik eraman zituen.
Kamerariak besoan eta gerrialdean min hartu zuen. DYAko anbulantzia batek artatu eta Donostia Ospitalera eraman zuen.
Donostiak 5 eta 5,5 milioi arteko kalteak zenbatu ditu
Donostiako Udalak asteburuan izandako olatu denboraleak eragindako kalteak zenbatzen jarraitzen du, eta, dagoeneko 5 eta 5,5 milioi euro artekoak dira horiek.