Gizartea
Noos kasua
Cristina infantaren abokatuen ustez, errugabea dela erakutsiko du
Infantak larunbatean deklaratuko du, Aizoon enpresaren jabekide gisa iruzur fiskalaren delituetan parte hartu zuen argitzeko.
Miguel Roca eta Manuel Silva abokatuek esan dutenez, Cristina infanta justizia administrazioarekin elkarlanean arituko da larunbatean, eta errugabea dela erakutsiko du. José Castro epaileak Noos auzia argitzeko deitu du.
Larunbatean, otsailaren 8an, inputatu gisa aritzeko deitu dute Cristina infanta. Aizoon enpresaren jabekide gisa iruzur fiskalaren delituetan parte hartu zuen argitu beharko du, eta, Iñaki Urdangarin bere senarrarekin batera, diru publikoa gastu pribatuen bitartez zuritu zuen.
Kazetarien galderei erantzunez Manuel Silva abokatuak esan duenez, Cristina infantak, egoera horretan dagoen edozeinek bezala, "galdegiten dioten guztiari erantzun nahi dio eta tramite horri amaiera ematea nahi du".
Rocak ez du deklaraziorik egin nahi izan, bere "estilo profesionala" hori delako eta bezeroarekin duen "sekretu profesionala" zaintzeko. "Isilik egotea dagokit", adierazi du abokatuak. "Larunbatetik aurrera -infantak deklaratu ostean- beharrezko ikusten dudana eta dagokiona azalduko dut", gaineratu du.