Itxi

Gizartea

Olatu denboralea

'Asteazkeneko denboraleari begira, defentsa asko kaltetuta daude'

David Perez | eitb.com

Jaurlaritzak "kezka" agertu du, asteazken honetan beste olatu denborale bat etorriko baita euskal kostaldera.

1:14

Eusko Jaurlaritza "kezkatuta" agertu da gaur euskal kostaldea, lau egunean bigarren aldiz, astinduko duen olatu denboralearen aurrean. Izan ere, igandean olatuek egindako kalteen ondoren, "defentsa asko kaltetuta" daudela ohartarazi du Exekutiboak.

Ana Oregi Ingurumen sailburuak agerraldia egin du, astearteroko Gobernu Kontseiluaren ostean, igandeko denboraleari buruz informatzeko. Dena dela, errefusatu egin du kalteen inguruko balantze zehatza eskaintzea, bigarren denboralea pasatu eta kalteen azterketa sakonagoa egin arte behintzat.

Nolanahi ere, herri batzuetan lanek izango duten kostua aipatu du. Horren ildotik, Bermeoko portua konpontzeko gutxienez 2,5 milioi euro beharko direla, eta Orioko eta Hondarribiko kalteak milioi bat eurokoak direla nabarmendu du. 4,5 milioi euro guztira, hiru herritako kalteak baino ez zenbatuta.

Horren esanetan, Jaurlaritza kaltetutako dikeak "premia handiz" konpontzeko lanetan ari da, batik bat Bermeon.

Bizkaiko herri horretara 10 tonako hormigoi-blokeak eramaten ari dira, Markinako eta Foruko harrobietatik eta Bilboko Portutik. "Lan horiek ahalik eta lasterren egiten ari gara, buru-belarri, biharko eta etziko denboraleari begira", gaineratu du.

Sailburuak "kezka" agertu du denborale berriaren aurrean, eta, horrenbestez, une oro "aurreikuspenen berri" izateko deia egin die herritarrei, "zehatzagoak" baitira zenbat eta gertuago izan alerta.