Gizartea
Denboralea Gipuzkoan
Donostian azken hamarkadetako kalterik handienak, denboralearen ostean
I.G. | EITB.COM
Udalak bulego bat zabaldu du Donostian kaltedunek nora jo izan dezaten eta hondamen-eremua ezartzea eskatzea aztertzen ari dira.
Iragarrita zegoen bezala, itsasoaren aspaldiko zakarraldirik handiena izan da bart euskal kostaldean. Kalterik handienak Donostian eragin ditu; Alderdi Ederren, Kontxako eta Salamankako pasealekutan baranda zatiak apurtu dira, eta Santa Katalinako zubiaren zati bat ere eraman du itsasoak. Zenbait lekukok EiTBri ziurtatu diotenez, Donostiak azken hamarkadetako kalterik handienak izan ditu oraingo denboralearen ondorioz.
Estefania Beltran de Heredia Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburua Donostian eta Bermeon izan da goizean zehar, horiek izan baitira kalte gehien izan dituzten euskal udalerriak azken orduotan. Sailburuak kalteen ebaluaketan izango da eta SOS Deiak koordinatutako larrialdi zerbitzuen lanetan ere izan da.
Une honetan, Donostiako erdiguneko zubi guztiak itxita daude. 31 de Agosto, Narrika eta Aldamar kaleak urak erabat hartu ditu. Zenbait puntutan, metro eta erdiko garaiera harrapatu du urak. Kalteak handiak izan dira.
Euskal kostaldea alarma gorrian egon da 03:00etatik 09:00etara olatu handien arriskuagatik, zazpi metrotik gorako olatuak eta marea biziak espero baitziren, unerik larriena 05:00etan izan da, itsasgoran.
09:00etatik aurrera eguraldiak hobera egitea aurrikusi dute, eta alerta laranja indarrean da berriro, nahiz eta sei eta zazpi metro arteko olatuak espero diren. Egunak aurrera egin ahala bost metrokoak izatea espero dira. Deba, Pasaia, Zarautz, Getaria edota Zuamaia herrietan, esaterako, ura indartsu sartu da eta txikizio handiak eragin ditu.
Donostia izan da olatuen eragina gehien jasan duen lekua, bertan Urumea ibaiak gora egin du nabarmen, olatuengatik, eta Kursaaleko, Maria Cristina eta Mundaiz zubiak itxi behar izan dituzte. Santa Catalinakoa da zabalik dagoen bakarra. Arratsaldean, Udalak Kursaaleko zubia itsasgoraren ostean irekiko duela iragarri du eta Santa Catalinakoan, oinezkoentzako bidea jarriko dute gaur eta bihar bitartean.
Soraluze eta San Juan kaleko bi etxebizitzetako beheko solairuko bizilagunak aterarazi dituzte, eta Udalak gaua pasatzeko leku bat eskaini die.
Alde Zaharrean, Zurriolako hondartzan (Gros) eta Ondarreta eta Kontxako hondartzetan eragin ditu "kalterik handienak" denboraleak. Alde Zaharrean metro bat baino gehiagoko sakonera izatea lortu du urak kale batzuetan.
Hiri-altzariek, hau da, semaforoek, bankuek, farolek... ere kalte handiak izan dituzte. Urumearen gainetik pasatzen diren zubietan, esaterako Kursaal eta Santa Katalina zubietan, barandak errotik kendu dituzte olatuek. Ura Salamanca pasealekura eta Aldamar eta Abuztuak 31 kaleetara heldu da, besteak beste.
18:41ean izan da itsasgora eta ura Aldamar kalean sartu da berriz ere. Udalak itsasgoraren ostean zubiak irekitzeko asmoa zuen arren, Maria Kristina eta Kursaal itxita daude.
Donostiako Udalak denboraleak eragindako kalteei buruzko datu berriak emango ditu, astelehen honetan, goizeko zortzietan egingo duten bozeramaileen batzarraren ostean.
Bestalde, Deban, urak zenbait auto mugitu ditu, Pasaiako Torreatxe aldean eta San Juan auzoan gertatu bezala.
Zarautzen arratsaldez izan dira irudi ikusgarrienak. Malekoia gainditu dute berriz ere olatuek, eta urpean gelditu da.
Getarian eta Zarautz herriak lotzen dituen N-634 errepideak moztuta jarraitzen du, eta herriotan ere ura zenbait kaletan sartu da.
Kaltedunak artatzeko bulegoa
Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak jakinarazi duenez, Udalak bulego bat zabaldu du kaltedunek nora jo izan dezaten eta hondamen-eremua ezartzea eskatzea aztertzen ari dira.
Alkateak Salamanca pasealekuan, kalte gehien pairatu duen lekuetako bat, egin ditu adierazpenok. Bertan urak baranda kendu du eta auzokideek beheko solairuetan sartutako ura kendu behar izan dute, metro bat baino gehiagoko altuera hartu baitu.
Izagirre triste azaldu da bost metro baino gehiagoko olatuek "kalte handiak" eragin dituztelako, itsasgora bete betean zenean, 05:00ak eta 06:00ak bitartean, hiri-altzarietan eta azpiegituretan, hala nola, auzokideen lokal eta etxeetan.
Halaber, gaineratu duenez, Krisi Mahaia gau osoan egon da bilduta eta "ondo" jardun du, "goizeko lehenengo orduetan garbiketa taldeak lanean hasi direlako, eta normaltasuna iritsi arte lanean jarraituko dute".
Goizean zehar erdigunera ez joatea gomendatu du Krisi Mahaiak, zirkulazioa ez blokeatzeko, zubiok itxita dauden bitartean.
Laguntzak eta konponketa lanak
Iñigo Urkullu lehendakariak esan duenez, Jaurlaritza lanean ari da denboraleak euskal kostaldean eragindako kalteak konpontzeko, eta nabarmendu egin du erakundeak "koordinatuta" ari direla lanean, ondorioei aurre egiteko.
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramalearekin, Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuarekin eta Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiarekin batera, Urkullu Bermeon izan da, kalte handiak pairatu dituen herrietako bat. Bertan, "prebentziorako neurriak betetzeko" eskatu die herritarrei "segurtasuna garrantzitsua" delako. Ondoren, kostaldeko beste herri batzuetan ere izan da.
Segurtasun sailburuak, bestalde, jakinarazi duenaren arabera, itsas denboraleak eragindako kalteei aurre egiteko laguntzak aztertzen ari da Eusko Jaurlaritza. Olatuek kalte handiak utzi dituzte euskal kostalde osoan; Donostian eta Bermeon izan dira txikizio handienak.
Egoera berria aztertzeko, denboraleak kalte gehien utzi duen lekuetan egon da gaur goizean Beltran de Heredia. Bere esanetan, horrelako egoerek begi-bistan utzi dute alertak eta alarmak aurreikusteko sistema propio bat izateak duen garrantzia, larrialdi egoerei ahalik eta modurik eraginkorrenean aurre egin ahal izateko.
Bermeo, gogor astinduta
Euskal kostaldea asteburu osoan astindu duen itsas-denboraleak kalte larriak eragin ditu zenbait herritan, bereziki Bermeon.
Herri bizkaitarrean, kai-muturreko zati batzuk erori dira, Segurtasun Sailak zabaldu duenez.
Bermeon ere bai, itsasontzien zirkulazioa etenda egonda, sei itsasontzi hondoratu dira eta arrantzaleen zenbait lokal urak hartuak izan dira.
Itsasgora indarrarekin sartu da igande arratsaldean Bemeoko portuan, baina ez du kalte gehiagorik eragin.
Portuko kalteak konpontzeko lanekin astelehenean, 08:00etan, jarraituko dute.
Bizkaiko Foru Aldundiak iragarri duenez, astelehenean BI-3101 errepidea irekiko dute, Bakio eta Bermeo artean, ostiralean lur-jausi batengatik itxi ostean.
Ipar Euskal Herrira ere heldu da
Euskal Herria astindu duen itsas-denboraleak eragina izan du Ipar Euskal Herriko kostaldeko herrietan ere bai, kalte larriak eraginda, Hego Euskal Herrian bezala.
Olatu handiek Ondarraitz hondartzako pasealekuan dagoen txosna bat errotik atera eta atzean dauden etxeen kontra bota dute, kalte larriak eraginda. Urak komunak hartu ditu, erabat kaltetuz.
Biarritzen eta Donibane Lohitzunen olatuek zenbait hoteletako beirateak apurtu eta beheko solairuetan, lokaletan... sartu dira.
Elurraren eragina
Segurtasun Sailak Araba eta Gipuzkoako 15 mendatetan arretaz gidatzeko eskatu du, izotza eta elurragatik, baina denak zabalik daude.
Segurtasun Sailak abisu horia mantenduko du gaur eguerdira arte.
Elur kota 600 metro ingururen bueltan izango da, baina arratsaldean 1.000 metro ingurutan kokatzea espero dute.
Arretaz gidatzeko eskatu duten mendateen zerrenda (Araba): Bernedo, Salinas, Gasteiz, Aiurdin, Altube, Azazeta, Garate, Kurtzeta, Opakua, Orduña eta Zaldiaran; eta (Gipuzkoan) Deskarga, Etxegarate, Lizarrusti eta Bidania.