Gizartea
Desagertuta Kolonbian
RSF erakundeak Borja Lazaro bahitu egin ote zuten ikertzeko eskatu du
Erredakzioa
Mugarik Gabeko Erreportariak elkartearen arabera, baliteke argazkilari gasteiztarra La Guajirako talde batek bahituta izatea.
Borja Lazaro, Kolonbian desagertu zen 34 urteko gasteiztarra, bahituta ote dagoen ikertzeko eskatu du Mugarik Gabeko Erreportariak (RSF) erakundeak.
RSFk adierazpen batean azpimarratu duenez, Lazaro desagertu zen La Guajira departamenduan, narkotrafikoa oso garrantzitsua da. Bertan, mugimendu paramilitarretatik sortutako bacrim talde armatuek jarduten dute; batzuetan, tokiko agintarien "babesa eta laguntzarekin", gainera.
"Kolonbiako eta Espainiako ikerlarien hipotesiak baztertu gabe, uste dugu oso serio hartu beharreko aukera dela bahiketarena", adierazi du RSFk. Kolonbiako agintariei, eta "Poliziaren Bahiketen eta Xantaien aurkako Taldeari (Gaula)" bereziki, Lazaro aurkitzeko ahal duten guztia egiteko eskatu die.
Prentsa askatasunaren aldeko erakundeak gogorarazi duenez, 2013an, Kolonbiako zonalde berean, bi espainiar bahitu zituen talde kriminal horietako batek hilabetez. Kolonbiako eta Espainiako agintariak urtarrilaren 23an hasi zirela Borja Lazaroren desagerpena ikertzen gehitu du RSFk.
Borja Lazaro informatika-ingeniaria eta argazki-kazetaria Venezuelako mugatik gertu dagoen La Guajira departamentuan zebilen erreportaje batzuk egiten, urtarrilaren 7an desagertu zen arte.