Gizartea
Hondakinen kudeaketa
Hondakinen inguruko informazioa igorriko dio Gipuzkoak Europari
Erredakzioa
Iñaki Errazkin Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketako diputatuak adierazi duenez, "Diputazioak ez du Europako Batzordearen eskaera ofizialik jaso".
-
Hondakinak gaika jasotzeko sistema
Iñaki Errazkin Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketako diputatuak baieztatu duenez, "Europak Gipuzkoako hondakinen kudeaketaren inguruko informazio gehiago behar badu orain, Diputazioak informazio hori igorriko dio, laster Europako zuzentarauarekin lotutako pauso berriak emango baititu".
Errazkinek oharra baten bidez eman du horren berri, Gipuzkoako erraustegia ez egiteko erabakia ikertuko duela zabaldu ondoren. Gipuzkoak hondakinak kudeatzeko erabiltzen duen sistema ere ikertuko du Europak.
Diputatuaren aburuz, "Diputazioak Europak ezarritako hierarkia betetzen du, eta prebentzioari, berrerabilpenari eta birziklapenari lehentasuna ematen dio".
"Hondakin gutxiago sortzen dugu. 40.000 gipuzkoarrek euren hondakin organikoekin konposta egiten dute, 30 udalerriren birziklapen tasak % 70etik gorakoak dira, Sasieta mankomunitateak % 50 birziklatzen du eta Tolosaldeak laster emango ditu ezagutzera 2013. urteari dagozkion datu onak", azaldu du diputatuak.
Ingurumen arduradunak adierazi duenez, "erraustegiaren proiektua bertan behera utzi ondoren, Gipuzkoak pauso berriak emango ditu Europar Batasunaren zuzentarauaren baitan".
"Europako Batzordeak etorkizunean emango ditugun pausoen inguruko informazio nahi badu, Gipuzkoako Diputazioak informazio hori igorriko dio", zehaztu du Errazkinek, baina "Diputazioak ez du Europako Batzordearen eskaera ofizialik jaso", gaineratu du.
Bien bitartean, EAJk Errazkinen agerraldia eskatu du Gipuzkoako Batzar Nagusietan, "Diputazioaren eta Europako Batzordearen artean azken hiru urteetan izan diren harremanak azaltzeko".